
Finantzaketa handiagoaren proposamenari buruzko balorazioak
Finantzaketa handiagoaren proposamenari buruzko balorazioak
Guillermo Ruiz-Longartek Gai-zerrendako laugarren puntua azaldu du: Zuzendaritza-Batzordeari baimena ematea onartutako azken gastu-aurrekontuaren %10etik gorako finantzaketa izateko
Guillermo Ruiz-Longartek, Athletic Clubeko diruzainak, bideo berri baten bidez azaldu ditu Ohiko Batzar Nagusiaren Gai-zerrendako 4. puntuko xehetasunak: Azken gastu-aurrekontuaren %10etik gorako finantzaketa izateko Zuzendaritza-Batzordeari baimena emateko proposamena aztertzea eta, hala badagokio, onartzea.
Ruiz-Longartek argitu duenez, proposamenaren bidez eskatzen dena da “Estatutuetan ezarritako finantzaketa-muga gainditzea, %10ean baitago, eta %25era arte zabaltzea, betiere zenbait babesekin”. Jarraian, diruzainak Athletic Cluben hobekuntza laguntzen duten bost printzipiotan oinarrituta justifikatu du eskaera: “Likidezia, hazkunde iraunkorra, jarduteko gaitasuna eta abiadura, erabakiak hartzeko independentzia eta kaudimena”.
“Zenbat eta handiagoa izan sarreren eta gastuen bolumena, orduan eta handiagoa balantzea, eta handiagoak dira kobratu eta ordaindu beharreko kontuak. Beraz, Klubak maniobra-tarte hori izan behar du kutxa hori behar den inguruneetan jardun ahal izateko”, adierazi du Ruiz-Longartek bideoan. “Berriro diot, alderdi finantzarioak ez du esan nahi erabiliko denik, baina beharrezkoa balitz, erabiliko litzateke.
Hori da gaitasuna eta abiadura. Futbol-merkatuan, batzuetan, salmenta-, erosketa- edo jarduketa-eragiketak oso denbora laburrean gertatzen dira, eta ez dute zertan bat etorri bata bestearekin. Horrek jarduteko tarte handia emango luke”.
Era berean, diruzainak proposamenak barne hartzen dituen bi babesak nabarmendu ditu: “Oso babes garrantzitsua Klubaren ohiko jarduera da, eta beste babes bat da, %10 gainditzen bada, hurrengo batzarrean justifikatu beharko litzatekela, aldez aurretik dagokion txostena bidali ondoren”.
Azkenik, Ruiz-Longartek Klubaren kaudimenaren garrantzia azpimarratu du, baita erabakiak hartzerakoan independentea izatearen garrantzia ere. “Hemen ez da ezer saltzen edo kentzen ari, edo ezer hipotekatzen ari. Klubaren ohiko jarduerari malgutasuna ematen ari zaio, besterik gabe”, argitu du.
“Enpresa bat errentagarri, likido edo dibidenduak emateko moduan gera daiteke. Athletic Club guztiz desberdina da. Errentagarritasuna edo likidezia kirol-hazkunderako tresnak baino ez dira”, amaitu du.