
Laugarren ekipazioa: elkartzen gaituena ospatuz
Laugarren ekipazioa: elkartzen gaituena ospatuz
Athletic Clubek 2024-2025 denboraldirako bere laugarren jantzia aurkeztu du, Euskal Herriari eta bere kulturari omenaldia eginez
Castoreren eskutik, Athletic Clubek bere lurraldearekin duen konpromisoa berretsi du, lehoien sustraiak eta nortasuna ospatzea eta aldarrikatzea helburu duen laugarren ekipazioa aurkeztuz. Kluba eta lurraldearen arteko sinbiosia modu integralean erakutsi nahi duten produktu sortaren barruan kokatutako janzkera da. Izan ere, gure ereserkiaren jatorrizko letrak dioen bezala, «erritik sortu zinelako, maite zaitu erriak».
Ekipazio berria edizio mugatu eta esklusiboa da eta PRO eran bakarrik salduko da. Salgai dago dagoeneko online dedan eta denda fisikoetan.
Jantzi beltza kurrinaren formekin osatuta dago, bai eta hainbat elementu berde, zuri eta gorrirekin, kamisetan, praketan zein galtzerdietan. Era berean, 2024-2025 sasoi honetarako beste hiru ekipamenduetan gertatzen den bezala, lehoi batekin mimetizatuta dagoen ikurrina du lepoan, garenari erreferentzia argia eginez: Made In Euskal Herria izaera duen Kluba non, bertan, edozein lurraldetako pertsonak ongi etorriak diren, mundu osoko gure zaletu guztiekin elkartuz. Gainera, kirol-janzkerarekin batera, kamiseta, txandala, motxila eta kirol jertsea ere jarriko dira salgai. Ekimen honen bidez, gainera, Klubak ikusarazi nahi du lurraldean sortutako diziplina anitzeko talentu andanarekiko duen harreman hertsia.
Athletic Clubek abenduaren 1ean estreinatuko du bere jantzi berria, Rayo Vallecano taldearen aurka Madrilen jokatuko duen partidan. Euskararen Eguna baino bi egun lehenago eta Durangoko Azokak ateak ireki baino lau egun lehenago jokatuko den norgehiagoka da. Bi mugarri horiek jarduera zein ospakizun kulturalez betetako hilabeteei hasiera emango diete Euskal Herrian. Esate baterako, Anari, Belako, Bulego, Doctor Deseo, Esne Beltza, ETS, Fermin Muguruza, Gorka Urbizu, Idoia, Izaro, Mikel Urdangarin, Olaia Inziarte, Olatz Salvador, Pilt, Zea Mays edo Zetak artisten zein taldeen kontzertuak, Juan Luis Goenaga eta Nestor Basterretxea sortzaileen inguruko erakusketak, “Miñan” bezalako antzezlanak, Euskaraldiaren edizio berria maiatzean, Bizkaiko, Gipuzkoako, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako bertsolari txapelketak eta Boiseko Basque Jaialdien itzulera, ekitaldien zerrenda amaiezin baten erakusle gisa. Agurrerako garaia izango da kasu batzuetan, baina, aldi berean, emozio kolektibo gaurkotuak piztuko dituzten erreferente berriak sortuko dira diziplina artistiko guztietan, euskarak hiztun berriak batuko dituen bezala. Azken finean, Athletic Clubek egiten duen gisara, elkargune sozialak sortuz.
Azken batean, XXI. mendean garena ospatzeko eta sendotzeko etengabeko jario kulturalaren sorkuntza ematen da gurean, Athletic Clubek ordezkatzen duenaren metafora ezin hobea irudikatuz: talentu eta ekimen berriak loratuz, luzaroan gozarazi gaituztenak maitasunez agurtuz, esentziari eta sustraiei eutsiz, baina berrikuntzari zein joera berriei uko egin gabe.
Ulertzeko eta mundura proiektatzeko modu bat, zeinari gure ekipamenduak gorazarre egin eman nahi baitio. Gure nortasuna hedatzeko ahaleginean, Athletic Clubek erdiko errail bat okupatu nahi du; Bizitzeko, lehiatzeko, ospatzeko, elkartzeko eta sentitzeko Made In Euskal Herria formula eraikiz.