Katedral baten tankerako derbia
Athletic Clubek eta Realak elkarren aurka San Mamesen jokatuko duten neurketak Liga F-ko postu pribilegiatuetan puntuekin berdinduta dauden bi talde lehiatuaraziko ditu
Bilbotarren eta donostiarren arteko derbiak beti du xarma berezia eta, zer esanik ez, agertokia San Mames denean. Gainera, Athletic Clubek eta Realak puntu berdinak dituzte sailkapenean (32), laugarren postua eta bosgarrena betetzen dituztelarik. Atletico Madriden hirugarren postua, Txapeldunen Ligara daramana, puntu bakarrera dago; beraz, hemeretzigarren jardunaldi hau amaitzean baliteke euskal klubetako batek Liga F-ko podium postua erdiestea.
Sailkapenean dagoeen egoera estuaren gorabehera, bi taldeak denboraldi bikaina egiten ari dira. Athleticek 0-4 irabazi zion Real Betisi iragan igandean, etxetik urrun jarraian lortutako laugarren garaipena eta oso kontuan hartzeko datua. Bestalde, Realak porrota jaso zuen Zubietan Depor Abancaren aurka 1-2ko markagailuarekin. Emaitzak emaitza, berdintasuna da nagusi bi taldeen artean eta biek ala biek garaipena eskuratzeko gosearekin zelairatuko dira.
Aurrekari hurbilenari erreparatzen badiogu, joan den azaroan Real Arenan jokatu zen norgehiagokara egin behar dugu atzera. Partida horretan Reala hastapenetan Lavogezen golari esker nagusitu zen. Zuri-gorriek neurketa ona jokatu zuten, baina Oguiza kapitainak txartel gorria ikusi zuen 29. minutuan eta maldan gora jarri zitzaion derbia David Aznarrek zuzentzen duen taldeari.
Realak San Mames bisitatu duen bi neurketetan garaipena erdietsi du
Derbi honetako datu esanguratsuetako bat talde gipuzkoarrak San Mamesen jokatu dituen bi partidak irabazi dituela da. Lehenengoa, 2021-22 denboraldian jokatu zen eta Morazak bere atean sartutako gola nahikoa izan zitzaion talde txuri-urdinari partida bereganatzeko. Hurrengo denboraldian 1-3ko emaitzarekin gainditu zituzten zuri-gorriak. Beraz, Katedralean jokatuko den hirugarren euskal derbia honetan, hirugarren aukeran etxekoen garaipena ospatzea espero da.
Kirol arloari dagokionez, Realak, ostegunean, Real Madriden aurka Valdebebasen jokatu eta galdu zuen Copako final-laurdenetako kanporaketa. Zuri-gorriek ez dute bajarik izango, ez lesioagatik eta ez zigorragatik, eta une fisiko eta mental bikainean iritsiko dira derbira. Gisa honetako partidartan xehetasun txikiek azken emaitza markatzen dute eta hemerotekak dio neurketa estuak izan ohi direla beti. Bai Aznarrek eta baita Sanchez Verak ere gustuko dute joko erakargarria eta ziur berdegunean dauden 22 jokalariek ikuskizun bikaina eskainiko dutela.
Hori bai, Athleticzale leialak harmailetan egoteak balantza alde batera joatea eragin dezake. Oraingoz 23.000 sarrera baino gehiago saldu dira eta giro ikusgarria izango da atsedenaldian SÜNEren emanaldiarekin. Erosi sarrera.
Ez da galtzeko moduko hitzordua izango. Joan den hilean FC Barcelonaren aurka jasandako azken uneko porrotak utzitako sentsazio onak oraindik athleticzaleen oroimenean dirau. Hori gutxi balitz, San Mamesen lehoiek jokatu beharreko partiden hirukote honen ginga falta da. Real Madriden aurkakoa, martxoaren 2an, igandean, 12:00etan, Katedralera lehen aldiz bisita egingo duena.