Herri Harmaila: oinarrizko printzipioak eta konpromisoak

Herri Harmaila: oinarrizko printzipioak eta konpromisoak

Athletic Clubek animaziozko herri harmailaren oinarrizko printzipioak eta Klubak eta Herri Harmailako kideek bete beharreko konpromisoak biltzen dituen dokumentua argitaratu du

Athletic Clubek, joan den otsailaren 12an Jon Uriarte presidenteak prentsaurrekoan iragarri zuenaren arabera, animaziozko herri harmailaren oinarrizko printzipioak eta Klubak eta Herri Harmailako kideek funtzionamendu onerako bete behar dituzten konpromisoak biltzen dituen dokumentua argitaratu du.
 
Dokumentua argitaratzen da animaziozko herri harmailetako hiru taldetako – Piratak, ICHH eta Euskal Lions – ordezkariekin egingo diren bileren aurretik, eta nahitaez bete beharreko funtsezko puntuak jasotzen ditu, Athletic Clubeko bazkideen gehiengoak nahi duen helburu nagusia bermatzeko: Herri Harmailak partida guztietan animatzea eta errespetuz egitea.
 
HITZAURREA

San Mames zelai mitikoa da futbolaren historian.

Katedralaren prestigioa meritu biren emaitza da:

Taldearen meritua eta athleticzaleena.

Partida ahaztezinak, giro epikoak.

2022an, Klubeko bazkideok animaziozko Herri Harmaila sortzea erabaki genuen, San Mamesek ozen egin zezan orro Athletic zelaira irteten zen bakoitzean. Ez soilik une handietan, baizik eta partida guztietan.

Eta Herri Harmailak hasieratik erantzun bikaina eman zuen, taldea animatzen, momentu onetan zein txarretan lagunduz. 
Gainontzeko harmailetatik eta zelaitik bertatik, familia zuri-gorriak harro begiratzen dio Herri Harmailaren ikuskizunari: haren kantak, txaloak, bufandak, banderak…

Eta Katedralaren erritu berria, haren prestigioa areagotzen duena: taldea harmailaren aurrean besarkatuta eta Txoria Txori abesten, ahots eta bihotz batez.

Irudi horrek mila hitzek baino gehiago balio du… eta baita mila desadostasunek baino ere.

Dokumentu honek animaziozko Herri Harmailaren oinarrizko printzipioak jasotzen ditu bai eta, Herri Harmaila denboran zehar indartsu eta osasuntsu mantendu dadin, Klubak zein harmaila honetako kideek bete beharreko konpromisoak ere.

Izan ere, Herri Harmaila funtsezkoa da San Mamesentzat, Athleticentzat eta Klubarentzat. 
 

1)    OINARRIZKO PRINTZIPIOAK

Animaziozko herri harmaila (Herri Harmaila) Athletic Clubena da.

Animaziozko herri harmailak Athletic Clubek San Mamesen jokatzen dituen partida guztietan animatu behar du.

Errespetua animazioaren funtsezko printzipioa da.


2)    KONPROMISOAK

Athletic Cluben konpromisoak herri harmailak partida guztietan animatzeko eta errespetuz egiteko.

  1. Urteko kuotak eta abonuak prezio murriztuan ezartzea. Animaziozko harmailetako bazkideek eta Gazte Abonoek gainerako bazkideek baino gutxiago ordaintzen dute harmailetako animazio-ezaugarriak konpentsatzeko eta taldeari baldintzarik gabeko laguntza emateko.
     
  2.  Herri harmaila gaztea izateko neurriak sustatzea.
     
  3. Herri Harmailaren parte izanik animatzen ez duten edo animatu nahi ez duten bazkideentzako eserlekuak trukatzeko aukerak garatzea, animaziozko herri harmailan parte hartu nahi duten estadioko gainerako bazkide gazteekin.
     
  4. Athletic Clubeko bazkide, Gazte Abonoak eta gainerako zaleei, formatu eta kanal fisiko eta digitaletan, indarrean dagoen araudiaren arabera izan behar dituzten betebeharrak, jokabideak eta portaerak jakinarazten jarraitzea.
     
  5. 19/2007 Legean ezarritako betebeharra betez, aplikatu beharreko araudia eta erregelamenduak urratzen dituzten egintzen erantzuleak identifikatzea, egindako arau-hausteak jakinaraztea eta, hala badagokio, Klubaren Erregelamenduekin eta Estatutuekin bat etorriz jardutea.


Zehazki, Herri Harmailan animazioa koordinatu eta dinamizatzeari dagokionez.

  1. Herri Harmailan animazioa koordinatzeaz eta dinamizatzeaz arduratuko diren pertsonak aukeratzea. Hautaketa hori eskatzen duten eta kirolean indarkeria, arrazakeria, xenofobia eta intolerantziarekin zerikusia duten arau-hausteengatik zehapen-espedienterik ireki ez zaien pertsonen artean egingo da (Abonatuen eta Kirol Esparruetan Sartzeko eta Egoteko Erregelamenduaren 10.10 artikuluak eskatzen duen bezala), Ertzaintzako Segurtasun Koordinatzaileari kontsulta egin ondoren (San Mameseko Segurtasunaren Koordinazioari buruzko 19/2007 Legearen arabera, arduraduna da, eta zuzendaritza-, koordinazio- eta antolaketa-lanak egiten ditu).

Pertsona horien eginkizuna honako hau izango da:
•    Speakerrak.
•    Bonboak/danborrak jotzea.
•    Klubeko bandera handiak astintzea.

  1. Aukeratutako pertsonei animazio-lanerako bitartekoak eta tresnak ematea, hala nola banderak, mikrofonoak, bonboak eta antzekoak, baita horiek gordetzeko lekua ere estadioan. Klubak animazio-elementuen erabilera txandakatu ahal izango du hautatutako pertsonen artean.
     
  2. Partida bakoitzean animazioaren dinamizatzaile lanak egiten dituzten pertsonei doako sarrerak ematea, edo, hala badagokio, bazkide-kuotaren edo Gazte Abonoaren kuotaren kostu proportzionala ordaintzea, Klubaren aukeran, beren lana konpentsatzeko.
     
  3. Athletic Clubi eragiten dion araudiari buruzko informazioa ematea koordinaziorako eta dinamizaziorako aukeratu den pertsonei.
     
  4. Animazio-elementuak gauzatzean eta erabiltzean, agiri hau onartu eta betetzen duten pertsona hautatuak dagokien instantzien aurrean defendatzea, horretarako egokienak diren baliabideak erabiliz.
     
  5. Elkarrizketa-mahai bat ahalbidetzea Klubaren, animazioa koordinatzeko eta dinamizatzeko aukeratutako pertsonen eta San Mameseko segurtasunaren arduradun nagusien artean.

Animaziozko herri harmailaren konpromisoak, Herri Harmailak partida guztietan anima dezan eta errespetuz egin dezan.

  1. Animazioko herri harmailaren izateko arrazoiaren arabera animatzea.
     
  2. Animazioa oztopatzen edo zailtzen duen edozein adierazpen/egintza oro ez gidatzea eta/edo babestea.
     
  3. Aplikatu beharreko araudia errespetatzea eta betetzea. Klubaren eta bere bazkideen interesei kalte egiten dien egintza zehagarririk ez egitea.
     
  4. Araudia hausten duten pertsonak identifikatzeko lana ez oztopatzea.

Horrez gain, Herri Harmailan animazioa koordinatzeko eta dinamizatzeko aukeratutako pertsonen konpromisoak.

  1. Dokumentu hau onartzea eta sinatzea, animazio-elementu bakoitzari dagokion eskabidearekin batera.
     
  2. Elementu bakoitzari dagokionez, honako hau:
  • Speakerrak: Klubari laguntzeko kantuen buru izatea etengabe partida osoan zehar.
  • Perkusionistak (bonboak/danborrak): bonboak/danborrak jotzea kantuekin batera.
  • Astintzaileak: Klubeko bandera handiak erregulartasunez astintzea partidan zehar.

Puntu honetako betebeharrak ezin badira bete, Klubari jakinarazi beharko zaio, dagozkion ordezko pertsonak aurki ditzan, animazioan ez aritzeagatik lotutako abantailak gal daitezkeela kontuan hartuta.


3)    KONPROMISOAK EZ BETETZEAREN ONDORIOAK

Athletic Clubentzat.

  1. Bazkide Konpromisarioen Ohiko Batzar Nagusian kontuak ematea, Zuzendaritza-Batzordearen Kudeaketari buruzko gai-zerrendako puntuaren atal zehatz batean.

Animaziozko herri harmailetako pertsonentzat.

  1. Egindako ez-betetzearen arabera kasu bakoitzean dagokion araudian ezarritako ondorioak aplikatzea.

Horrez gain, animazioa koordinatzeko eta dinamizatzeko hautatutako pertsonentzat:

  1. Bere eginkizunak betetzeari uztea.
  2. Animazioa koordinatzeko eta dinamizatzeko hautatutako pertsonak izateagatik emandako abantailak galtzea.
  3. Bazkide izanez gero, egitateen larritasunaren arabera eta Klubeko Diziplina Batzordeak zehapen-ebazpena eman ondoren, zelaiko beste eserleku batzuetara lekualdatzea.
  4. Gainerako kasuetan, Herri Harmailatik kanporatzea.