
"Beteta sentitzen naiz. Ea taldea Txapeldunen Ligan uzten dudan"
"Beteta sentitzen naiz. Ea taldea Txapeldunen Ligan uzten dudan"
Oscar de Marcos komunikabideen aurrean agertu da denboraldi amaieran taldea Txapeldunen Ligan uzteko itxaropenarekin erretiratuko dela iragarri ostean: "ea oraindik falta zaidan ametsa betetzen dudan"
Oscar de Marcosek denboraldi amaieran Athleticen botak zintzilikatzeko hartu duen erabakiaren berri eman ostean, Laguardiakoak prentsaurrekoa eskaini du futboletik erretiratzeko dituen arrazoiak komunikabideen aurrean azaltzeko.
Honelaxe laburbildu du 18 zenbakidun zuri-gorri mitikoak hurrengo denboraldian lehiatzen ez jarraitzeko arrazoiak: "Askotan esan dudan bezala, urte batzuk atzera hasunartu dudan erabakia da, baina orain arte beti egoten zen une bat non gorputzak jarraitu behar nuela esaten zidana. Oraingo honetan, hilabete hauetan zain egon naiz, ea noizbait gorputzak esaten zidan jarraitu egin behar nuela, eta ez dit esan. Gozatzen aritu naiz, eta azken egunera arte baliagarria eta garrantzitsua izateko ideiarekin jarraitzen dut ".
De Marcosek bere bizitzako Klubarekin amets asko bete dituela aitortu du, bereziki, aurreko denboraldian La Cartujan apirilaren 6an Kopa irabazi eta egun batzuk geroago Gabarra Itsasadarretik ateratzea erdietsi zuenean. Hala ere, oraindik atea irekita uzten du bere ibilbide oparoan geratzen zaion beste amets bat egikaritzeko: "16 urte izan dira eta uste baino amets gehiago bete ditut hona iritsi nintzenetik. Oraindik beste bat lortzen saia gaitezke. Europa Leaguea irabaztea oso zaila da, errealistak izan behar dugu, gure historian oraindik lortu ez dugun zerbait da. Baina, Athleticen jokatzen dudan azken egunera arte ametsetan jarraituko dut".
Oraindik denboraldia amaitzeko hiru hilabete falta direnean, hegaleko atzelari zuri-gorriak denboraldi hasieran ezarritako helburuak betetzea eta aurretik dituen partida bakoitzaz gozatzea besterik ez du buruan: "Asko gozatuko dut hemendik bukaerara arte jokatzen dudan neurketa bakoitzaz. Horren berri eman izanak nolabaiteko askatasuna ematen dit eta denboraldi hasieratik dugun ilusio berarekin jarraitzea espero dut, denok batera. Ea lortzen dudan taldea Txapeldunen Ligan sailkatzea eta nire taldekideak lehiaketa honetaz gozatzen ikustea. Nik Txapeldunen Liga jokatu dut, eta belaunaldi berriek etorri behar dute, hori bera bizi eta, nire kasuan, zaletu gisa gozarazteko".