"Txapeldunen Liga jokatzea gustatuko litzaiguke; hortik aurrera datorren guztia, bikain"

"Txapeldunen Liga jokatzea gustatuko litzaiguke; hortik aurrera datorren guztia, bikain"

Mikel Vesgak komunikabideen galderei erantzun die Lezaman, Athleticek Metropolitano bisitatuko duen astean, Atletico Madrilen aurka jokatzeko

Joan den igandeko San Mameseko gol festaren ondoren, Mikel Vesga komunikabideen aurrean agertu da, taldea lanera itzultzearekin bat. "Valladoliden aurkako partidak konfiantza handiagoa hartzeko balio izan zigun, urte askotan ematen ez den zerbait da eta datorrena ondo prestatzeko balioko digu. Martxoa da denboraldia jokoan jartzen duzun hilabetea eta horren jakitun gara. Larunbat honetan Atleticorengana hurbildu gaitezke eta gero Romaren aurkako partida dator. Oso gogotsu gaude", adierazi du erdilari zuri-gorriak.

Athleticen '6' zenbakiak balioa eman dio taldea egiten ari den denboraldi bikainari: "Oraingoz zaila da denboraldiari alde txarrak aurkitzea, agian Kopan aurrerago egitea, hori bai. Laugarren postuan gaude eta Europan oso errendimendu onarekin gaude, jendea gozarazten, hori baita garrantzitsuena. Denoi pasatzen zaigu burutik hor goian ikustea amaieraraino, baina pixkanaka joan behar dugu. Metropolitanon irabazten badugu, oso ondo gaudenaren sintoma izango da. Txapeldunen Liga jokatzea gustatuko litzaiguke eta, hortik aurrera datorren guztia, bikain".

Vesgak 24 partidatan parte hartu du denboraldi honetan, guztira 888 minutu pilatuz. Gasteiztarrak badaki lehia handia dagoela Athleticen erdilarien artean: "Maila oso altua erakusten ari dira denak. Flipatzen ari naiz Jauregizarrekin, bere adinarekin (21 urte) duen heldutasunarekin, baita Beñatekin ere. Zorte handia dugu eta pozik gaude, urte askotarako jokalariak baitira. Niretzat pertsonalki hain ona ez izan arren, onartu behar da oso ondo egiten ari direla, eta estutu egin beharko ditugu haiei gauzak zail jartzeko ".

Larunbateko aurkariari, Atletico Madrili, dagokionez, erdilariak ohartarazi du ezin izango direla despistatu Metropolitanora egingo duten bisitan: "Atzo Barçaren aurka ikusi zen apur bat despistatzen bazara partida irabazten dizutela. Guk ere San Mameseko adibidea dugu hor, azken jokaldian galdu egin baikenuen. Atletico gai da detaile txikiekin puntu asko ateratzeko. Julian Alvarez oso maila altuan dago eta kontuan hartu beharreko jokalarietako bat da, baina gero aulkia ikusten duzu eta ateratzen denak ere gola egiten du".