
Komunikatu ofiziala: ostegun honetan animatzeko ICHHren proposamenari buruz
Komunikatu ofiziala: ostegun honetan animatzeko ICHHren proposamenari buruz
Athletic Club kolektibo honetako ordezkariekin bildu da, jasotako eskaeraren akatsak eta bideraezintasunak azaldu dizkio eta AS Romaren aurkako animazioa dinamizatzeko bidea zein den zehaztu die
Athletic Club ICHHko ordezkariekin bildu da gaur arratsaldean, kolektibo honek AS Romaren aurkako partida dela eta aurkeztu duen "Herri Harmailak eta San Mamesek merezi duten bezala orro egin dezaten" proposamenaren harira. Bilera horretan, Athletic Clubek, lehenik eta behin, zehatz-mehatz azaldu ditu jasotako eskaeraren akatsak eta bideraezintasunak. Ondoren, aplikatu beharreko araudiaren arabera, ICHHk datorren ostegunean animazioa dinamizatu dezan bidea zein den azaldu du.
Hauek dira Athletic Clubek bileraren lehen zatian azaldu dituen akatsak.
1. ICHHk zehazki esaten du: "Gure dinamizatzaile gehienek ezin dutenez Klubaren animazio-elementuak erabili, San Mamesera sartzeko Araudiaren 10.10 artikuluaren arabera...". Baieztapen hori ez da zuzena, eta argitzea merezi du. Zehazki, ICHHk dinamizatzaile gisa proposatzen dituen zazpi pertsonetatik ("bi megafono, bi bonbo eta hiru banderoi") bakar batek du animazio-elementuak erabiltzea galarazita 10.10 artikulua ez betetzeagatik. Pertsona horrek, gainera, ondo asko daki elementu horiek ezin dituela erabili; izan ere, Ibaiganen egindako azken bileran parte hartu zuen, eta bileran aztertutako gaietako bat izan zen.
2. Nolanahi ere, garrantzitsua da aipatzea Klubeko Batzarrak onartutako "Estadiora sartzeko eta bertan egoteko Araudiak" animazioko elementu GUZTIEN erabilera arautzen duela, eta ez soilik Klubekoak direnena. Hala ezartzen du Erregelamenduaren III. tituluak, argi eta garbi adierazten baitu zer arau orokor aplika dakizkiekeen kirol-lehiaketa eta -ikuskizunetako ikusle eta parte-hartzaile GUZTIEI. Hau da, distantziak alde batera utzita, espedientatutako norbaitek bere bonboarekin animatzea proposatzea, adibidez, gidabaimena kendu dioten norbaitek zigorra jaso zuenean erabili zuen autoa ez den beste batekin gidatzea proposatuko balu bezala litzateke. Azken batean, eta logikoa denez, araudia ez betetzearen ondorioek pertsonei eragiten diete, eta ez elementuei.
3. Hala ere, lehen puntuan adierazi dugun bezala, animazioa dinamizatzeko aurkeztu diren zazpi pertsonetatik seik arazorik gabe egin dezakete, ez baitute arauzko eragozpenik. Ondorioz, Klubaren aldetik ez da egon eta ez dago inolako oztoporik anima dezaten (ez animatzea erabaki zuten arte gertatzen ari zen bezala), baldin eta Klubaren Batzarrak onartutako araudia betetzen badute.
4. Azkenik, aipatu behar da kanpoko megafonoen erabilera mugatuta dagoela, hain zuzen ere, Klubaren eta speakerren interesen defentsa ahalbidetzeko; izan ere, beharrezkoa da megafono horien erabileraren erregistro grabatua geratzea, balizko zehapen-espedienteen aurrean defentsa horretan aurkezteko. Esan beharra dago grabazioa Segurtasun Koordinatzailearen eskakizun bat dela kantuen erregistroa jasota gera dadin eta agintariek ezarritako araudiak eskatzen duela erabiliko den sistema segurtasun-sistemetara konektatuta egotea. Hori ezinezkoa da megafonoekin.
Behin behineko proposamena
Jasotako alternatibaren akatsak eta bideraezintasunak argitu ondoren, Athletic Clubek behin behineko proposamen hau proposatu dio ICHHri, bazkideek eta Gazte Abonoek horren berri izan dezaten.
- 2 megafonoei dagokienez:
Aurreko 4. puntuan argi geratu denez, ezin dira eskuzko megafonoak erabili denboraldi honetan eta iraganekoetan erabili izan den mikrofonoaren ordez.
Irtenbide praktiko eta erraza da dinamizatzaile gisa proposatutako zazpi pertsonetatik edozeinek erabiltzea mikrofonoa (erregelamendu bidez ezindu den pertsona bakarra dago), eta dinamizatzaileek denboraldiaren hasieratik sinatzen den ohiko eskaera-dokumentua sinatu beharko dute, aurretik sinatuta ez badute.
- Eskatutako 3 bandera handiei, eskuko bandera bati eta ICHHren pankartari dagokienez:
Baimena ematen da eskatutako banderak eta pankarta sartzeko, eta dinamizatzaileek denboraldiaren hasieratik sinatzen den ohiko eskaera-dokumentua sinatu beharko dute, aurretik sinatuta ez badute.
- 2 bonbo eta baketei dagokienez:
Klubak jakinarazi du ez dagoela eragozpenik elementu horiek erabiltzeko. Nolanahi ere, klubak ICHHren esku jartzen ditu gaur egun San Mamesen dauden klubeko bonboak, ez baitute aurretik instalazio berririk behar, ICHHk erabili dituen bonbo berak direlako, animazioa dinamizatzeari utzi dion arte.
Errespetua oinarrizko printzipiotzat hartuta, elkarrizketarako ate irekia
Athletic Clubek jakinarazten du, halaber, ICHHren partetik otsailaren 18an Klubak argitaratutako oinarrizko printzipioen eta konpromisoen dokumentuaren erreplika jaso duela.
Athletic Clubek beti du elkarrizketarako atea irekita, eta ICHHri beste bilera bat proposatu dio aste honetarako, bere dokumentua baloratzeko.
Klubak ICHHri jakinarazi dio bere helburua defendatuko duela orain arte izan duen irmotasun berarekin: Herri Harmailak partida guztietan animatzea eta errespetuz egitea.
Helburu horrek Athletic Cluben balioei eta Ezohiko Batzarrean onartutakoaren espirituari erantzuten die. Batzar horretan, animazio-harmaila herrikoia sortzea erabaki zen.
Klubak bilera berrien emaitzen berri emango du laster.
Jarrai dezagun amesten. Denok batera lortuko dugu.