"Aparteko garaipena izan da"
Ernesto Valverdek oso positibotzat jo ditu "denboraldiko tarte erabakigarrian" sartu aurretik Athletic Clubek Ramon Sanchez-Pizjuanen lortu dituen hiru puntuak
Ernesto Valverde oso pozik agertu da Sevilla FC eta Athletic Cluben arteko neurketa amaitu ostean; izan ere, azken minutuetan estrategiazko jokaldi batek hiru puntu oso garrantzitsu eman dizkio talde bilbotarrari LaLiga EA Sportseko laugarren sailkapenean sendo jarraitzeko: "Gauden egoera eta sailkapeneko kokapena kontuan hartuta, aparteko garaipena izan da. Azken bi asteetan ez dugu irabazi. Biziberritzea eta, batez ere, ligan ditugun jarraitzaileekiko abantaila mantentzen ari garela ikustea oso garrantzitsua da guretzat. Hamar jardunaldi geratzen dira eta dagoeneko denboraldiko tarte erabakigarrian sartu gara".
Athletic Clubeko teknikariak neurketaren atarian argi eta garbi utzi zuen taldea zehatz eta irmo aritu beharko zela eta jokalariek bikain erantzun diete entrenatzaileak botatako mezuei: "Hiru puntuak oso garrantzitsuak dira, aste oso bizi batetik gentozelako. Neurketa trabatua eta zaila izango zela aurreikusi genuen. Bagenekien irmoak eta zehatzak izan behar genuela. Gaur partidak ez du jaberik izan, markagailuan aurrea hartzeko aukerak izan ditugu, baina eurek ere arriskua sortu digute. Estrategiaren bidez egin dugu gola eta hiru puntu horiek funtsezkoak dira aurten mantentzen ari garen borrokarako".