"Gure bertsiorik onena eman behar dugu Villarrealen aurka"

"Gure bertsiorik onena eman behar dugu Villarrealen aurka"

Yeray baikor agertu da denboraldi amaierari begira

Yeray Alvarezek agerraldia egin du Villarreal CF eta Athletic Club taldeen aurka igande honetan (21:00etan) jokatuko den partidaren atarian. Atzelari zuri-gorriak baikor hartu du Marcelinok zuzentzen duen taldearen aurkako partida: "Hemendik aurrera bederatzi final jokatuko ditugu, lehenengoa igande honetan Villarrealen aurka eta gure bertsiorik onena eman behar dugu".

Athleticen '5' zenbakiak taldea denboraldi honetan egiten ari den lana balioetsi du: "Ernestok futbol ikusgarria eta eraginkorra lortu du. Denok entxufatuta gaudenean aukera asko sortzen ditugu partidetan. Izan dugun talde onenetakoa da hau, onena ez bada ".

Arlo pertsonalean, Yeray pozik agertu da orain arte egindako ekarpenagatik: "Aurreko urtearen ondoren, etengabe gozatu ahal izatea, taldekideekin egunero entrenatzen, kanpotik ikusi behar ez izatea, pozgarria eta erosoa da niretzat. Une honetan gozatzea besterik ez dut buruan".

Barakaldokoak Sevilla FC taldearen aurka sartu zuen golaren ondoren Valverdek egindako adierazpenei buruz galdetu diotenean, honakoa azpimarratu du: "Harro egoteko modukoa da entrenatzaileak hain hitz politak izatea. Azken batean, entrenatzaile honekin debutatu nuen 21 urte nituela. Nahiago nuke urte askotarako jarraitu ahal izango balu, niretzat Athleticek izan duen entrenatzailerik onena delako".