Nerea Nevadok beste urtebetez jarraituko du Athleticen

Nerea Nevadok beste urtebetez jarraituko du Athleticen

Ezker albokoak kontratua luzatzeko Klubarekin hitzartu zituen helburuak bete ditu

Nerea Nevadok zuri-gorri izaten jarraituko du, beste denboraldi batez, 2026ko ekainaren 30era arte, Athletic Cluben segitzea ahalbidetu duten helburuak bete baititu. Hortaz, Santurtziko atzelariak kontratua luzatu du eta lehen taldean zazpi denboraldi beteko ditu, 2018an debuta egin zuenetik.

UD Teneriferen aurkako San Mameseko partidan 24 urte beteko dituen atzelari zurigorriak ia denboraldi osoa jokatu du. Guztira 23 partidatan parte hartu du hasierako hamaikakoan, eta bi ordezko gisa, eta 2.000 minututik gora jokatzetik gertu dago. Gainera, bi gol sartu ditu Lezaman, Granada CF eta Levante UD taldeen aurka, hurrenez hurren. Aipagarriak dira, halaber, ezkerreko hegaletik emandako bost gol-paseak.

Santurtzi KE eta Bizkerre FT taldeetan hezia, harrobiko jokalariak ehun partida baino gehiago batu ditu Athletic Clubeko elastikoarekinn (107).