
Nico Williams: "Dena utziko dugu San Mameseko final horretara iristeko"
Nico Williams: "Dena utziko dugu San Mameseko final horretara iristeko"
Aurrelari zuri-gorria Ernesto Valverderekin batera agertu da prentsaurrean Europa Ligako Athletic Club-Manchester United partidaren atarian
Nico Williamsek eta Ernesto Valverdek komunikabideen galderei erantzun diete San Mamesen, Manchester Uniteden aurkako finalerdietako joaneko partidaren atarian.
"Kanporaketa oso parekatua izango da. Bihar San Mamesen zaleak gurekin lehen minututik dena ematen egotea espero dugu, horrela ondo aurre egingo diogu partidari ", azaldu du Athleticeko aurrelariak. "United talde bikaina da, jokalari bikainak ditu, Bruno Fernandes bezala. Ahalik eta ondoen ibili beharko gara garaipena lortzeko. Ilusio handiarekin gaude aldagelan, hiri osoan eta familia athleticzale osoan bezala", gaineratu du.
Zuri-gorriek Europa Leaguearekin duten euforiari buruz galdetuta, Williams anaien txikiak esan du "gu hasieratik umiltasunez aritu gara. Nire anaiak iaz esan zuen: 'A lo bajini'. Jendea pozez gainezka egotea ulertzen dut, baina %100ean hurrengo partidari begira egon behar dugu eta gure lana egin. Dena emango dugu San Mameseko final horretara iristeko ".
Nikok Athleticen filosofia goraipatu du ere: "Meritu handia dugu, gure lurraldeko jokalariekin Europako finalerdietan gaude. Mundu guztiak begiratu behar du gure balentria, klub paregabea gara. Ez gara inoiz bigarren mailara jaitsi eta egiten dugun guztia lurraldeko jendearekin egiten dugu. Hori da gure harrotasun handiena".
"Finalerdietan zaudenean hasten zara finalean pentsatzen"
Bestalde, Valverdek ohartarazi duenez, "gertatzen dena gertatzen dela, kanporaketa itzulerako neurketan erabakiko da. Bi partida on egin behar dituzu eta bihar izango da lehena. Partida garrantzitsua da denboraldian eta klubaren historian. Aurreko finalerdiak edo aurreko urteko finala bezala. Barneratuta daukagu".
"Gauza asko hartu behar ditugu kontuan Manchester United taldean, erregistro asko dituzte, posizio-jokoa, barrutik jolastu dezakeen jendea... Talde bikaina dira. Gauza bati arreta handia jartzen badiozu, beste batetik aldentzen zara. Kanporaketa zaila izango da", gaineratu du entrenatzaileak.
Zale zuri-gorriek Europa Ligan jarritako ilusioen inguruan galdetuta, Valverdek honakoa erantzun du: "Finalerditan zaudenean hasten zara finalean pentsatzen. Denboraldia hasi eta Ligako 20 txapeldun eta Kopako gehiago daude. Egia da ilusioak hor egon behar duela, baina ezin duzu bistatik galdu aurrean duzuna. Lehiaketa hauetan akats batek edo minutu txar batek kanpora bidaltzen zaitu".