Nico Williamsen kontratu luzapena, inpaktu digital historikoa

Nico Williamsen kontratu luzapena, inpaktu digital historikoa

Harrobiko jokalariaren jarraipenaren albisteak Athleticen sare sozialetan inoiz lortu ez diren zifrak lortu ditu, Kopako titulukoak edo Gabarrako ospakizunekoak ere gaindituz

Nico Williamsen azken kotratu luzapenak mugarria ezarri du Athletic Cluben historia digitalean. 2025eko uztailaren 4an, ostirala, harrobiko jokalari zuri-gorriaren jarraipenarekin lotutako edukiek 65 milioi ikustaldi batu zituzten. Kopuru horrekin, Athletic izan zen uztailaren 4an bere kanal ofizialetan erreprodukzio gehien izan zituen munduko bigarren kluba, Liverpool FCren atzetik bakarrik, eta LaLigako lehena, Real Madrilen (58M) eta Bartzelonaren (19M) aurretik.

Inpaktu hori testuinguruan kokatzeko, gogoratu behar da Athleticek 17 milioi jarraitzaile inguruko komunitate digitala duela, Real Madrilek ia 533 milioi, eta FC Bartzelonak, 471. Joan den denboraldian, Athleticen hileko bistaratzeen batez bestekoa 94 milioikoa izan zen, eta horrek esan nahi du egun bakar batean hileroko ohiko zifraren ia %70era iritsi zela.
 

Munduko podiumean interakzioetan

Interakzioei dagokienez ere, inpaktua aparta izan zen. Egun bakar batean izandako 5,3 milioi elkarreraginei esker, Athletic egunean zehar interakzio gehien izan dituen munduko hirugarren kluba izan zen (Liverpool FC eta Real Madrilen atzetik bakarrik).
 

Mugarri horrek Klubaren historia hurbileko unerik zirraragarrienetan lortutako erregistroak ere gainditu ditu, hala nola Sevillan Kopa lortu izana (apirilaren 6an eta 7an), Gabarraren ospakizun historikoa (apirilaren 11n) edo 2021eko urtarrilean Superkopa irabazi izana. Horrek agerian uzten du Athletic Clubeko egungo eta etorkizuneko erreferente handienetako baten jarraipenak sortutako oihartzun eta ilusio izugarria. Haren kontratu luzapena jakinarazteko sortutao bideo biralak ere bere barne-historia izan zuen.
 

Bideoaren barne historia

Txanodun grafitigileak Nico Williamsen muralean "WIN 2035" idatzi aurretik, katu bat sartu zen planoan, gaueko sekuentziari egiazkotasun argigarria emanez. Bideoaren grabazioaren hartualdietako batean ustekabean sartu zen kaleko katua, baina ekoizpen-taldeak azken muntaketan sartzea erabaki zuen.

Nico Williamsen kontratua berritzeko Athletic WIN kanpainaren ideia eta exekuzioa Athletic Club bereizten duen eta #UniqueInTheWorld izaeraren identitate den benetakotasunaren transmisio objektibo eta emozionalean oinarritu zen.

Klubarentzat erronka zen albiste objektibotik haratago benetakotasun emozionala transmititzen jakitea: futbolari batek familia zuri-gorriko parte  izatea lehenesten du Europako klub boteretsuenen eskaintzen gainetik.

Edo, bestela esanda, erronka zen kontakizunean – bideoan katuaren kasuan bezala – elementu erreal guztiak sartzea, ondo konbinatuta, plater on baten osagaiak bezala, publikoari benetako istorio on baten zaporea utziko ziotenak.

Eta zeintzuk ziren osagai horiek?

Funtsezkoa, Nico Williams bera, karisma pertsonala eta nazioarteko proiekzio aparta dituen jokalaria.

Bigarrenik, Athletic WIN leloaren asmakuntza. Aurreko berritzearen sinaduran jada erabilia, hitzak IRABAZI esan nahi du eta Athleticen anbizioaren isla da. Hitzak Williams Iñaki Nico inizialei erantzuten die ere, familiaren adibide, Klubarentzat ezinbestekoa, belaunaldiz belaunaldiko sentimenduaren transmisiorako balio erabakigarria baita familia.

Eta, azkenik, azken asteetan kontrako bi arrazoirengatik albiste izandako horma-irudia. Bere bandalizazioa, lehenik; eta Klubaren erreakzioa, bigarrenik, muralaren eta bere balioen isla irmoki defendatuz. 

Hiru osagai horien konbinazioak sortzen du Klubaren komunikazio digitalean mugarri historiko bihurtutako bideoaren gidoia.