“Oso argi neukan etxera bueltatu nahi nuela”

“Oso argi neukan etxera bueltatu nahi nuela”

Areso pozik agertu da Athletic Clubera itzulita, non “erronka handiak” izango dituen, eta “klub handi batek nigan inbertitzea motibazioa” dela adierazi du

Jesus Areso komunikabideen aurrean aurkeztua izan da San Mameseko Jose Iragorri prentsa aretoan, Jon Uriarte presidentearekin eta Mikel Gonzalez Futbol zuzendariarekin batera, 2031ra arte Athletic Clubekin konpromisoa hartu ostean. Eskuin hegaleko atzelaria pozik dago oso ondo ezagutzen duen eta une gozoa bizi ari den leku batera itzuli ahal izateagatik: “Asko eskertzen dut etxera itzul nendin nigan jarri duten konfiantza. Lau urte eman nituen hemen, badakit nola funtzionatzen duen klub honek eta badakit klub handia dela. Denboraldi benetan ilusionagarri bati ekingo diogu, eta erronka handiak izango ditugu aurretik. Ez nuen San Mamesen jokatu izan nire aurreko etapan, baina asko sufritu dut aurkari gisa. Ez da gauza bera hemen jokatzea bisitari edo lokal gisa. Gozatzera nator, entrenatzailearen jokora egokitzera eta zaleekin batera bultzatzera”.

Areso Osasunatik dator eta bertan bi denboraldi osatu ditu maila bikaina eskainiz. Horregatik, talde askoren gustukoa zen, baina bere buruan Bilbora etortzea besterik ez zegoen: “Argi neukan hona itzuli nahi nuela eta erabakia hartuta neukan. Lezaman asko gozatu eta orain berriz taldekide izango diren askorekin jokatu nuen. Hori da nahi dudana. Klub handi batek nigan inbertitzea motibazioa da eta sentsazio handia eragiten dit. Ardura bat da niretzat, baina alde positibora eraman behar da. Hobetzen lagunduko dit”.

Bere garaian diziplina zuri-gorritik irten zen nafarra, eta orain askoz ere onduago bueltatu da futbolari gisa: “Jokalari guztiok behar dugu heldutasun aldi bat. Ez da etaparik erre behar. Une hartan minutuak behar nituen, hala izan da, eta garrantzitsuena da hemen nagoela erronka honetarako prest. Athletic oso klub handia da, denboraldi itzela egitetik dator. Gogo handia dut datorrenaz gozatzeko eta lanean hasteko”.

“Oso pozik gaude gure taldearekin, eta anbizio handikoak izan behar dugu”

Bestalde, Jon Uriartek ongietorria eman dio fitxaketa berriari eta blokea hauspotuko duela uste du: “Oso pozik gaude gure taldearekin. Hobeak egiten gaituen eta ekonomikoki eskuragarria den jokalari bat aurkitzen badugu, beti gaude prest fitxaketa horiei ekiteko. Hau izan da Jesusen kasua eta lau lehiaketa dituen denboraldi batean gure helburuak lortzen lagunduko digu”.

Mikel Gonzalez ere pozik agertu da fitxaketa honekin, nahiz eta lanean gogor jarraitzen dutela ohartu duen: “Handinahiak izan behar dugu, gelditu gabe. Urtero futbolak asko eskatzen du edo agian nahi ez dituzun egoeretara eramaten zaitu. Zentzu horretan ezin gara konformatu eta LaLiga zero punturekin hasiko dugu, hau da, etengabe borrokatu behar dugu. Oso eroso gaude daukagunarekin”.