
Arsenal FC: Londreseko 'Gunnersak'
Arsenal FC: Londreseko 'Gunnersak'
Athletic Clubek Emirates Cupean Premier Leagueko txapeldunordeari bisita eginez itxiko du denboraldiaurrea
Athletic Clubek denboraldiaurreko prestaketa amaitutzat emango du Arsenal FC taldeak antolatzen duen Emirates Cupean parte hartuta (larunbatean, 18:00etan Euskal Herrian), Txapeldunen Ligara itzuliko den denboraldi ilusionagarri bati ekin aurretik. Hain zuzen ere, azken aurkari hau kontinenteko txapelketa nagusiko ligako fasea osatzen duten taldeen artean egongo da. Partida doan ikusi ahal izango da Athletic Cluben gako digitalekin.
Arsenal FC Ingalaterrako futboleko klub sarituenetako bat da, 47 titulu irabazi ditu guztira. Horien artean nabarmentzekoak dira 13 liga txapelketa, 14 FA Cups, 2 Ligako Kopa, 17 Community Shields eta Ligaren Mendeurreneko Garaikurra. Gainera, garaikur kontinentalei dagokienez, bi ditu: 1970eko Ferien Kopa eta 1994ko Europako Errekopa. Txapeldunen Ligako azken edizioan Paris Saint Germain txapeldunaren aurka galdu zuen finalerdian eta 2005/06 denboraldian txapeldunorde izan zen, FC Barcelonak gaindituta.
Taldearen hastepeneko urteetara itzuliz, Woolwicheko armamentu fabrika bateko langileek Londresko taldea 1886an 'Dial Square' izenarekin sortu zuten, Londresko hego-ekialdean. Elkarte Anonimo bihurtu zenean, klubaren izena 'Woolwich Arsenal' izatera pasa zen, eta Football Leaguean onartu zuten Londres hegoaldeko lehen taldea izan zen. Krisi sakon batean murgildu ostean, Henry Norris eta William Hall enpresariek porrotetik atera zituzten gunnerrak eta klubaren egoitza Highbury mitikora eraman zuten, taldearen izena 'The Arsenal' izenera aldatuz.
Arsène Wengerren talde garaiezina
Arsenal FC taldearen historia izugarri aldatu zen 1996an entrenatzaile frantziarraren kontratazioarekin. Urte askoan Londres eta Ingalaterrako klub erreferentea izaten saiatu ondoren, Arsène Wengerren etorrerak entrenamendu- eta lan-metodo berria ekarri zuen, baita hainbat jokalari ere, eta haiekin nukleo erabat irabazle bat osatu zuen. Bergkamp, Vieira, Henry, Ljunberg, Pires edo Gilberto Silva fitxaketak eta David Seaman, Ian Wright (Arsenalen historiako golegile nagusia Thierry Henryren etorrerara arte) eta Ashley Cole bezalako talentu ingelesak, izan ziren Gunnerrek 90eko hamarkadaren amaieran eta 2000koaren hasieran lortu zituen tituluetarako gakoak.
1997/98 denboraldian bi garaikur altxatu zituzten (duela zazpi urte irabazten ez zuten Liga eta FA Cup-a) eta 2001/02 urtean formula bera errepikatu zuten. Gainera, UEFA Kopako txapeldunorde izan zen 1999/00 ikasturtean eta, besteak beste, bi FA Cup eskuratu zituen 2002/03 eta 2004-05 ikasturteetan. Hala eta guztiz ere, 2003/04 denboraldian Premier Leaguea partidu bakar bat ere galdu gabe irabazi zutenean izan zen Arsenal FC taldearen jarraitzaileek gehien gogoratzen duten titulua. 2003ko maiatzaren 7tik 2004ko urriaren 24ra arte, ligako 49 partida galdu gabe egon ziren eta horri esker lortu zuten 'The invincibles' ezizena.
Gaur egungo lan taldea
Arsenal FC taldeak hainbat urte daramatza Manchester City eta Liverpool FC taldeen aurka borrokan Premier Leagueko titulu berri bat eskuratzeko, baita Txapeldunen Liga bezalako txapelketa kontinentaletan ahalik eta urrunen iristeko taldea ere badu. Horretarako, Mikel Artetak oso bloke lehiakorra osatu du, maila mundialeko jokalari internazionalez betea, eta, euskal futbola ondo ezagutzen duenez, entrenatzaile donostiarrak Euskal Herriko talentu eta futbol jokalari handiak kontratatu ditu azken urteetan, nahikoa lehiakorra zen taldea oraindik eta gehiago sendotzeko.
Euskal lurraldeari dagokionez, Artetak pasa den denboraldian Mikel Merinorekin egin zen, zelai erdian eta aurrelari gisa ere jardun daitekeen jokalaria, eta fitxaketen azken merkatuan, Martin Zubimendi eta Kepa Arrizabalaga fitxatu ditu zelai erdia eta atepea indartzeko.
Izen horiez gain, Calafiori, Gabriel eta Saliba bezalako jokalariak ditu atzealdean, eta Christian Mosquera, Valencia CFko jokalari ohia, LaLigan hain errendimendu ona erakutsi duena gehitu behar zaio. Halaber, Odegaard eta Declan Rice bezalako jokalariak ditu jokoa antolatzeko lanetan, eta Bukayo Saka, Gabriel Martinelli eta Kai Havertz aurrealdean.
Bolbora gutxi ez balitz, Artetak ez dio ihes egin nahi izan Europako azken denboraldietako goleatzaile onenetako bat kontratatzeko aukerari. Izan ere, Vyktor Gyokeres suediarra bereganatu du, gol-usain ikaragarria duen eta azken bi urteetan Portugalgo Sportingen golei dagokienez erregistro guztiak hautsi dituen jokalaria (jokatutako 102 norgehiagoketan 97 gol egin zituen).
Bi taldeen arteko lehen lehia
Historian bi taldeek elkar ikusiko duten lehen aldia izango da, eta eszenatokia ezin hobea izango da: Emirates Stadium zelaia. Orain arte, ez dute elkarren aurka partidarik jokatu, ez lehiaketa ofizialean, ez udako lagunartekoetan. Hala ere, bi klubek bi data dituzte amankomunean: 2004ko irailaren 14an, Athletic Clubeko emakumezkoen lehen taldeak Arsenalen aurka neurtu zituen indarrak Stockholmen, emakumezkoen Champions Leagueko partida batean, bina berdinduta amaitu zena, eta 2013ko urtarrilaren 5ean, San Mamesen jokatutako lagunarteko partidan, lehoien aldeko 1-0eko markagailuarekin amaitutakoa.
Erlazionatutako aurkariak

Erlazionatutako partidak
Arsenal FC - Athletic Club


