“Athletic Palestinaren alde. Stop genozidioa”

“Athletic Palestinaren alde. Stop genozidioa”

Honey Thaljieh Athletic Clubeko enbaxadoreak, Palestinako errefuxiatu talde batek Euskal Herrian eta UNRWAko zenbait ordezkarik San Mamesen babesa jasoko dute Athletic Club–RCD Mallorca partida hasi baino lehen

Joan den irailaren 21ean iragarri zen bezala, Athletic Club Fundazioak, UNRWA Euskadi-rekin batera, Sirian errefuxiatuta dauden haur palestinarrentzako proiektu bat jarri du martxan urrian. Nazioarteko lankidetza honen bidez, zaurgarritasun-egoeran dauden 8.000 haur inguruk gorputz-hezkuntzako eskolak jasoko dituzte UNRWAk kudeatutako 16 ikastetxetan.

Fundazioak palestinar errefuxiatuei ematen dien babesa ikusarazteko asmoz, Klubak ekitaldi txiki bat antolatu du bihar, larunbata, San Mamesen jokatuko den Athletic Club-RCD Mallorca partidaren atarikoetan.

Honey Thaljieh, Palestinako futbol selekzioaren sortzaileetako bat eta kapitain ohia, eta Athletic Clubeko 125. urteurreneko enbaxadorea genero berdintasunaren eta bakearen alde egindako borrokagatik, Euskal Herrian dauden hamaika gazte palestinar errefuxiatu eta UNRWAko zenbait ordezkarik, errefuxiatu palestinarrei laguntza eta babesa ematen dien NBEko agentzia, San Mameseko berdegunera irtengo dira athleticzaleek haiei elkartasuna adierazteko, txalo zaparrada ozen baten bidez. Aldi berean, estadioko bideomarkagailuetan, Athletic Club Fundazioak palestinar errefuxiatuei helarazten dien mezua irakurri ahal izango da: “Athletic Palestinaren alde. Stop genozidioa”.
 

Proiektuaren aurkezpen ofiziala Thinking Football-ean

Era berean, Athletic Club Fundazioak UNRWA proiektua aurkeztuko die komunikabideei lan-gosari batean eta “Les rebelles du foot 2” filmean Honey Thaljieh-ri eskainitako kapituluaren prentsarako emanaldi berezia. Eric Cantonak aurkeztu zuen filma, Gilles Perezek eta Gilles Rofek zuzendua, eta dagoeneko proiektatu zen 2015eko Thinking Football Film Jaialdiaren edizioan.

Emanaldi berezi hau San Mameseko Jose Iragorri prentsa aretoan izango da, ostiralean, urriak 10, goizeko 10:00etan. Proiekzioaren ondoren, Honey Thaljieh-k berak, Barbara Ruiz Balzolak, UNRWA Euskadiren izenean, eta Galder Reguerak, Athletic Club Fundazioaren estrategia zuzendariak, Sirian errefuxiatuta dauden familia palestinarrentzako NBEren proiektua aurkeztuko dute, Athletic Club Fundazioak babesten duena.

Gainera, Honey Thaljieh-k Thinking Football jaialdiko arratsaldeko saioan parte hartuko du, larunbatean. Bertan, 20:00etan, “Girls Move Mountains”, “My Very Own Footballer” eta “Cómo los cosacos descubrieron el fútbol” film laburrak proiektatuko dira.