
Athletic Clubek eta NFLk lankidetza esparru berri bati ekingo diote lehen ekitaldi batekin San Mamesen
Athletic Clubek eta NFLk lankidetza esparru berri bati ekingo diote lehen ekitaldi batekin San Mamesen
Katedralak lehen aktibazio bateratua jasoko du Ipar Aretoan, azaroaren 27an: Lions eta Packers-en arteko doako Watch Party bat
Athletic Clubek eta National Football Leaguek (NFL) "Watch Party" bat antolatuko dute datorren ostegunean, azaroak 27, San Mameseko Ipar Aretoan. Bertan, Detroit Lions eta Green Bay Packers-en arteko Esker Emate Eguneko partida klasikoaz gozatu ahal izango da pantaila erraldoian (19:00etan). Hitzordu honetan jokoak, zozketak, opariak eta pintxo-potea ere izango dira. Sarrera librea da lekua bete arte.
Hori izango da bi erakundeek berriki ezarri duten lankidetzaren lehen mugarria, eta baterako ekintza berriekin luzatzea espero dute. Ekitaldia 18:30ean hasiko da (Euskadiko ordutegia) eta ateak 18:00etan irekiko dira (E atetik izango da sarbidea, 11 eta 12 ateen artetik).
NFLrekiko aliantza, Estatu Batuetan jarraipen handiena duen kirol lehiaketa, Athletic Cluben nazioartekotze estrategiaren parte da, ‘Athletic markaren’ hedapen globala indartzera eta merkatu eta audientzia berrietara sartzera bideratua. Klubak munduan duen eredu bakarra ezagutarazi nahi du — maila gorenean euskal futbolariekin bakarrik lehiatzea — eta NFLk inpaktu handiko kirol, kultura eta merkataritza sinergiak sortzeko duen gaitasun handiaz baliatu.
Bestalde, NFLk AEBtik kanpo duen presentzia indartuko du, nazioarteko hedapen-planaren barruan. Azken urteotan, Miami Dolphins, Chicago Bears eta Kansas City Chiefs taldeek Estatu espainiarra aukeratu dute merkatu estrategiko gisa. Igande honetan (azaroak 16), NFLk Santiago Bernabeun jokatuko du Espainiako lehen partida ofiziala, Dolphins eta Washington Commanders taldeen artean. Gainera, Estatu Batuetako ligak Rafael de los Santos Espainiako zuzendari nagusi egin berri du.
NFL bazkide izateko aukeraketa ez da kasualitatea. Merkatuan balio eta telebista-eskubide handienak dituen lehiaketa da, eta, gainera, mundu mailan audientziarik handiena duen ligetako bat da. Athletic Clubentzat, plataforma ezin hobea da bere historia eta balioak kontatzeko, agian Europako futbolaren ohiko kontsumitzaileak ez diren baina eredu zuri-gorriaren benetakotasunak eta berezitasunak erakarrita senti daitezkeen nazioarteko audientzia berrien aurrean.
