Madrid CFF, 2025eko Liga F-ko azken aurkaria

Madrid CFF, 2025eko Liga F-ko azken aurkaria

Athletic Clubek, sei jardunaldi jarraian galdu gabe, Liga F-ko urteko azken partida jokatuko du larunbatean

2025 urtea bukatzear da eta bi partida besterik ez dira falta zuri-gorriek urte handi baten pertsiana jaitsi dezaten. Horietako lehenengoan Fuenlabradan izango da, larunbatean, 19:00etatik aurrera, Madrid CFF taldearen aurka jokatzeko. Bestea Kopako kanporaketarekin iritsiko da, hilak 19an, ostiralean, CE Europak Bartzelonan jokatzen duen zelaian. Beraz, bolada onean dagoen Athleticek une gozoa luzatu nahi du eta urte naturala handikiro agurtu.

Fernando Torres zelaia izango da Javi Lergaren taldearen ligako azken partidaren lekuko, denboraldi honetan lehen aldiz bi garaipen jarraian lortu ondoren. Levante UD taldearen aurkako azkena oso landua izan zen, taldearen animoak gehiago hauspotzeko oso baliagarria; izan ere, lehoiek lehiaketaren hasiera zail bati aurre egiteko gaitasuna erakutsi dute eta aise hazi dira talde gisa emaitza kaskarren aurrean. Zuri-gorriek jokoan egon diren azken 18 puntuetatik 12 eskuratu dituzte eta Liga F-ko sailkapenean gora egiten jarraitzen dute. Orain, bederatzigarren postuan daude kokatuta, 16 punturekin. Taldeak segurtasunean eta determinazioan irabazi du, eta helburua bolada ahalik eta gehien luzatzea da.


Madrildarrak ere, bolada onean murgilduta

Madril CFF izango da aurkaria, 23 punturekin sailkapeneko seigarren postuan kokatuta dagoen taldea. Madrildarrek Klubaren aspaldiko ezaguna den Javi Aguado dute teknikari lanetan. Valentziarra prestatzaile fisikoa izan zen Angel Villacamparen aulki zuri-gorria zuzendu zuen aroan, eta uda honetatik aurrera, azken denboraldietako jokalari gehienak mantendu dituen eta esperientzia handiko talde baten aginteak eramaten ditu. Gainera, Madril CFF-k azken jardunaldietan erdietsitako emaitza onak bere zelaian defendatuko ditu. Hiru dira segidan irabazi dituen norgehiagokak (Alhama CF, RCD Espanyol eta Dux Logroñoren aurka). 

Izen propioen nabarmentzeko orduan, Monica Hickman brasildar erdiko atzelari beteranoak, 38 urterekin, lau aldiz ikusi du atea ikasturte honetan. Marcetto eta Alegra Poljak erasotzaileek lortu dituzten gol berberak, alegia. Zelai erdian Andonova eta Angela Sosa dira nagusi, emakumezkoen futbolean urteak daramatzaten bi jokalari.

Athleticek ezin izango ditu Irene Oguiza, Jone Amezaga eta Patricia Zugasti jardunaldi honetan erabili, hirurak erizaindegi zuri-gorrian baitaude. Javi Lergaren neskek erronka garrantzitsua dute liga amaiera honetan eta bihar Madrilera bidaituko dute norgehiagoka serioa jokatu eta baloia Javi Aguadoren neskei irabazteko asmoz. Kopan pentsatu edo nahastu aurretik, hiru puntu daude batzeko eta azken hilabete eta erdiko inertzia positiboari eusteko.