.png)
Animazioa PSGren egunean: jarraitu beharreko eredua
Animazioa PSGren egunean: jarraitu beharreko eredua
Athletic Clubek zale zuri-gorriak zoriondu nahi ditu, eta bereziki Herri Harmaila, Txapeldunen Ligako partidan San Mamesen bizi izandako giro apartagatik
Athletic Cluben eta PSGren artean Txapeldunen Ligako partidan San Mamesen bizi izandako giro bikainaren berri eman dute azken orduetan futbol munduko hainbat pertsona ezagunek eta hedabideek. Jokalariek eta entrenatzaileak ere jendaurrean eskertu dute harmailetatik jasotako bultzada. Jose Angel Iribarrek berak bat egin du Klubak Herri Harmaila osatzen duten 4.000 lagunei bidali dien zorionarekin: "Primeran egon zarete, taldea uneoro animatuz, kiroltasunez eta errespetuz, gure gau historikoetako giro epikoa berpiztuz".
Athletic Clubek aintzatespen hori zale zuri-gorri guztiei zabaltzen die, eta bereziki Herri Harmailari, animazioaren buru izan baitzen partida osoan zehar, gainerako tribunak kutsatuz eta giro paregabea sortuz.
Zaleak, jokalari bat gehiago
Abestiekin eta etengabeko animo-oihuekin batera, hasierako mosaikoa eta tifoa, bufandak haizera eta, garrantzitsuena, zaleek partida irakurtzeko eta lehoiak animatzeko duten gaitasuna nabarmendu ziren.
Honen harira, benetan zirraragarria izan zen norgehiagokaren azken laurdena, zaleek bere taldeari gogoz animatuz, bat eginda, orroka eta jokalariak azken ahalegin batera bultzatuz, ez bakarrik berdinketa baliotsua mantentzeko, baizik eta garaipenaren alde borrokatzeko PSG boteretsuaren aurka.
San Mames, futbolaren katedrala
Txapeldunen Ligako giro zoragarriak Katedrala ezizenari ohore egiten dio, eta San Mamesek zelai mitikoa izaten jarraitzen duela baieztatu du.
Klubaren eta zaleen betebeharra da ondare hori zaintzea eta mantentzea, Athleticen historiaren funtsezko parte den aldetik. Gauzak horrela, PSGren aurkako partidan sortutako animazioak jarraitu beharreko eredua irudikatzen du: Herri Harmaila indartsua, nekaezina, bizia, gaztetasunez eta athleticzale grinaz betea, partidan sartua eta gainerako harmailen buru, bere animozko kantu eta oihuekin.
Azken batean, guztiok nahi dugun animazioa, batzen gaituenari mesede egiten baitio: Athletic Clubi.
Erlazionatutako partidak
Athletic Club - Paris St-Germain


