"Madrid CFF sasoi onenean dagoen taldeetako bat da"

"Madrid CFF sasoi onenean dagoen taldeetako bat da"

Javi Lergaren ustez, lehoiek "hobetzeko tarte handia" dute oraindik F Ligako bigarren itzuliari begira

Bihar 19:00etan F Ligako 14. jardunaldia jokatuko dute Madrid CFF eta Athletic Clubek Fuenlabradan, Fernando Torresen. Athletic bolada onean eta sei jardunaldi jarraian galdu gabe iritsiko da. Gainera, bere azken bi norgehiagokak irabazi ditu. Javi Lerga taldearen inertzia positiboaren jakitun da eta "hasiera zaila izan bazen ere taldea askatu dela" gogorarazi du prentsaurrekoan.

"Taldeak konfiantza hartu du eta denok askeago gaude. Talde gisa ezagutzen dugu elkar. Bolada luzatzen jarraitzeko gogoa dugu, eta ilusio handiarekin gaude", esan du entrenatzaileak. Jakin badaki aurreikuspenak altuak zirela, eta taldeari abiatzea kosta egin zitzaion arren, uneoro "babestuta" sentitu zen.

Madrid CFFn jarri du arreta, eta ez Kopan

Athletic Clubek bere azken hiru neurketak irabazita datorren taldea izango du aurrean. Lergaren iritziz, Madrid CFF sasoi onenean dagoen aurkarietako bat da: "Irabazteak gora begiratzea suposatuko luke. Bolada luzatzeko une ezin hobean gaude. Oraindik bigarren itzuli osoa geratzen da eta hobetzeko tarte handia dugula iruditzen zaigu".

Madrilgo taldeari dagokionez, teknikari zuri-gorriak blokea nabarmentzen du, beteranoa eta egitura sendotua duena. "Badaki zertara jokatzen duen, fidagarria da eta biziak dira. Bere etxean gauzak oso zail jarriko dizkigute", uste du Lergak.

Azkenik, entrenatzaile zuri-gorriak esan du ez duela Kopan pentsatzen (ostiralean, hilaren 19an, CE Europaren aurka, Bartzelonan): "Badakigu Kopak ilusioa sortzen duela, baina Madrid CFFren aurkako partida amaitutakoan hasiko gara horretan pentsatzen", esan du.