“Puntu bat lortu dugu, baina ez da partida bikaina izan”

“Puntu bat lortu dugu, baina ez da partida bikaina izan”

Ernesto Valverdek “pixka bat arinduago” amaitu du Realaren aurkako derbia, neurketako azken minutuetan berdinketaren gola lortu ostean

Berdinketa (1-1), Athleticek jokoa baino bihotz gehiago jarri duen derbi bizi batean. Honela baloratu du entrenatzaile zuri-gorriak Realaren aurka lortutako puntua: "Norgehiagoka oso gaizki jartzen ari zitzaigun. Lehen zatian hobeto jokatu dute eta aukera gehiago izan dituzte. Bigarrena egin ahal izan dute, baina gurean jarraitu dugu eta txartel gorriaren jokaldia iritsi da. Oraindik eta gehiago egin dugu aurrera, neurketa berdintzea lortu dugun arte. Zenbaketa globalean, ondo egon dira. Puntu bat lortu dugu, baina ez da partida bikaina izan".

Lehoiei argitasuna falta izan zaie, baina, maldan gora jarritako neurketa batean, dena eman dute puntu bat lortzeko: "Bultzada handia duen taldea gara. Agian lehen zatian joko gehixeago falta izan zaigu, baloia garbiago ateratzea. Egoerak egoera, guk beti aurrera egiten dugu, hori baita gure bertuteetako bat. Ez dugu hain joko argirik, gaur ez da horrela izan. Izan behar dugun funtsezko gauzetako bat da. Dena gure bultzadan oinarritzen dugun taldea gara. Eta, egia da, jokalari onak ditugula, baina hori ezin zaigu inoiz falta. Lortu ditugun gauzak gure espirituagatik izan dira".

Eta Txapeldunen Ligaren eta derbiaren ostean, Kopako final-laurdenak iristear dira. Azken bi neurketen ostean taldeak dituen sentsazioei buruz, honakoa adierazi du Valverdek: "Jarraian datozen partiden zurrunbiloan gaude murgilduta. Aurreko egunean sentsazio hobea genuen, Txapeldunen Ligako Top 8-an sartu den talde baten aurrean partida ona egin genuelako. Gaur, une batzuetan gu baino hobeak izan dira. Berdindu egin dugu, baina ez dut esango pozik gaudenik. Bai, arinduago, berdindu ahal izan dugulako".