
"Puntuak behar ditugu, guztion mentalizazio hori"
"Puntuak behar ditugu, guztion mentalizazio hori"
San Mamesen jokatuko den bere azken derbia baino lehen, Ernesto Valverdek elkartasun mezua zabaldu du: "Lehen urratsa guk eman behar dugu, zaleei emanez gero, bikoiztuta itzuliko digu".
Ernesto Valverdek datorren asteartean izango du bere azken derbia San Mamesen, Athletic Cluben entrenatzaile lanetan CA Osasunaren aurka. Partida hori funtsezkoa da txapelketako helburu zuri-gorrietarako, zerutik eta infernutik sei puntura baitago, gaizki-ulertuak eragin ditzakeen posizio batean, errore-tarte handirik gabe. "Puntuak behar ditugu, guztion mentalizazio hori", adierazi du Klubari egindako adierazpenetan. Teknikariak badaki harmailak funtsezko zeregina duela falta diren partidetan. "Lehenengo urratsa guk eman behar dugu, zaleei ematen badiegu, bikoiztuta itzuliko digu", ziurtatu du legenda zuri-gorriak. "Gure bultzadarekin eta jendearen bultzadarekin, Osasuna irabazteko gai gara eta askoz gauza gehiago egiteko", azpimarratu du, eta ez dela inoiz publikoari eskatzekoa argitu du.
Gizonezkoen lehen taldearen buru ia 500 partida betetzear dela, Valverdek egoera zail honi aurre egiteko "apaltasun ariketa bat” egin nahi du, “eta hori ez da anbizioarekin kontrajartzen”. Noski, lehenengo helburua salbazio matematikoa lortzea dela azpimarratu du, eta entrenatzaileak egoera honi “beldurrik gabe, konfiantzaz” aurre egitea eskatzen du. “Klub honetan denok batera egon garenean eta helburu baten alde bultzatu dugunean, gauza sinestezinak lortzeko gai izan gara”. Horren adibide dira duela bi urte lortutako Kopako titulua, Europa Leagueko finalerdia eta Championseko sailkapena.”
Helburu nagusia jaisteko arriskutik ateratzea da: "Ez gaude gustatuko litzaigukeen lekuan. Jeitsiera eta Europa sei puntura ditugu. Guretzat garrantzitsuena denari erreparatu behar diogu, hau da, beheko taldeak hurbiltzen ari zaizkigula pentsatzeari, eta horri erantzun bat eman behar diogu, hori baita garrantzitsuena Klubarentzat".
"Villarrealeko partida gogorra izan zen guretzat, izan zen aurkariarengatik, emaitzarengatik, orain bizi dugun egoeragatik, baina, aldi berean, gauza on asko ikusten dizkiot. Lehenengoa eta garrantzitsuena, zaila izan arren, atsedenaldiaren aurreko emaitza gorabehera, gure zaleen ezinegona sumatzen zen arren, agian guk ere urduriegi jokatu genuen arren... Hala eta guztiz ere, taldeak erreakzio handia izan zuen, Villarrealek min handia egin ziezagukeela kontuan hartuta, eta partidan buru-belarri sartuta egon ginen amaieraraino, betiere gola egin ahal izateko aukerekin. Inoiz ez genuen amore eman, eta hori funtsezkoa da Athleticentzat”.
"Ez dut duela 100 urteez hitz egingo, baina nik Lehen Mailan debutatu nuenean, duela 40 urte, 1986. urtetik, Bigarren Mailan, Athletic, Real Madrid eta Barcelona izan ezik, denak egon dira: Reala, Atletico, Villarreal, Sevilla, Valencia... Gu ez. Apaltasun-ariketa bat egin behar dugu, eta beste batzuei gertatu bazaie, guri ere gerta dakigukeela pentsatu behar dugu. Hori kontuan hartu behar dugu denboraldiaren hasieratik, eta hori jakin eta onartu egin behar dugu", argudiatu du.
"Hori beti izan dut argi, beti, eta hori ez da anbizioarekin kontrajartzen. Ez dugu ahaztuko iaz laugarren izan ginela, orain dela gutxi titulu bat irabazi dugula, urte horietan Europako posizioetan egon garela beti, eta orain, tira, zailtasun bat dugula. Denboraldian arazoak izan ditugu eta, beharbada, gu ez gara egon behar genuen edo nahi genuen mailan, baina hori dagoeneko gertatu da. Baloratu egin behar dugu, bere zentzua ematen baitio historian zehar Athleticen kondaira denari. Lehenik eta behin, puntuak lortu behar ditugu, gero beste helburu batzuk izan ahal izateko".
"Nire ustez, mentalizazio pixka bat falta izan zaigu azken partidetan, eta agian Sevillak, Valenciak, Getafek, Espanyolek, Alavesek, Mallorcak, Elchek... mailari eusteko jokatzen ari direla jakitea… mailari eustea dute helburu. Baina auskalo hurrengo partida irabaziko dugun, zer gerta daitekeen, eta orduan horretara jo behar dugu eta horretan arreta jarri", aztertu du.
CA Osasuna datorkigu, "azken urteetan Ligan hiru aldiz eta Kopan bi aldiz etorri eta irabazi ez dugun aurkaria. Asko dugu jokoan eta nik konfiantza osoa dut gure jokalariengan eta guk egiteko gai garen horretan: edozeini irabaztea. Championseko talde handiei aurre egin diegu hemen. Finalerdiak nolakoak izango diren ikusi besterik ez dugu orain, egokitu zitzaigun multzoa, eta horretaz gozatu egin dugu. Jakina, orain premiazkoa dugun egoera batean gaude, premiazkoa zaigu irabaztea, eta, jakina, guztia emango dugu horretarako. Guztion laguntzaz eta taldearen eta gure jendearen bultzadaz, hori lortzeko eta beste askoz gauza gehiagorako gai gara".
Erlazionatutako partidak
Athletic Club - CA Osasuna


