Yuri Berchiche: "Batzuetan arreta-dei bat edukitzea ona izan daiteke"

Yuri Berchiche: "Batzuetan arreta-dei bat edukitzea ona izan daiteke"

Zarauztarrak onartu duenez, “jokoa ez da ona eta jendea nekatu egiten da, baina badakit asteartean gurekin egongo direla, Osasunaren aurka finala dugulako eta puntuak etxean geratu behar direlako”

Yuri Berchichek prentsaurrekoa eskaini du Lezaman, astearte honetan CA Osasunaren aurka jokatuko duten partidaren atarian; aldagelak “final” gisa hartzen du neurketa, denboraldiaren norabidea baldintzatu dezakeena: “Ez dut partida honetatik harago pentsatzen. Irabazten badugu, ziur nago Europarako borrokan sartuko garela, eta galtzen badugu, arazoak izango ditugu behealdean. Finala dugu Osasunaren aurka eta puntuak etxean geratu behar dira”, adierazi du.

Atzelari zuri-gorriak denboraldia “zaila” izaten ari dela azaldu du, aurreko urteetako talde antzekoa mantendu arren, ezin izan dutelako irregularitatea zuzendu. “Geure buruari begiratu behar diogu eta arazoa non dagoen identifikatu. Taldea ia bera da, baina askoz gehiago kostatzen ari zaigu dena”, azaldu du.

Zarauztarrak San Mameseko zaleei buruz ere hitz egin du. Haien exijentziaren jabe, denboraldiaren azken txanpan izango duten garrantziaz mintzatu da: “Batzuetan arreta-dei bat edukitzea ona izan daite. Zer esango dut gure zaleez? Jendeak bere sarrera ordaintzen du eta ikuskizuna euren gustukoa ez bada, bere iritzia emateko eskubide osoa du. Ez daukat inolako kexarik haiekiko. Are gehiago, beste talde batean egongo bagina, txistuak lehenago iritsiko lirateke. Jakina, min egiten du txistuak entzutea, ondo ari ez zarenaren seinale delako, baina ziur nago asteartean gurekin egongo direla. Hasieratik 90. minutura arte bultzatu gaitzatela, eta amaieran gustuko ez badute eskaini duguna, berriro adieraz dezatela beren iritzia”, azaldu du, taldeak “inoiz baino gehiago” behar dituela azpimarratuz.

Egoera zaila izan arren, Yurík onartu du aldagelak Europarako sailkatzea duela helburu: “Bi partidara dago, aukera bat da. Posible dela sinetsi behar dugu, baina baita behetik datorrena kontuan hartu ere, hurbiltzen ari baitira denak”, adierazi du, “beldurrari beldurrik gabe” begiratu behar zaiola eta egoerari denok batera aurre egin behar diogula nabarmenduz: “Denok norabide berean bultzatu behar dugu, taldeak eta zaleek, inoiz baino indartsuagoak izan”.

Maila pertsonalean, atzelariak aitortu du denboraldiak eragin handia izan duela beregan: “Gau askotan ez dut lorik egin. Niretzat oso urte gogorra izaten ari da”, esan du, hala ere, fisikoki eta zelaian ondo sentitzen dela azpimarratu du. 

Kirol arloan, atzelariak deitoratu egin du Yeray Alvarez-en zigorra; “aldagelako kapitain eta liderrik garrantzitsuenetako bat” dela azpimarratu du, eta haren gabeziak, lesioekin batera, taldeari “kalte handia” egin diola esan du. 

Era berean, babesa adierazi dio entrenatzaileari, Ernesto Valverderi, bere ibilbidean izan duen “entrenatzailerik onena” izan dela nabarmenduz: “Pena ematen dit aurten haren inguruan eta gure inguruan gertatzen ari den guztiak. Saiatu behar dugu bere agurra ahalik eta ederrena izaten”, gaineratu du.

Azkenik, Yurík azpimarratu du ezinbestekoa dela denboraldiko azken zazpi partidetan batasuna mantentzea: “Denon artean atera behar dugu egoera hau aurrera. Denboraldia amaitzean etorriko dira balorazioak. Orain asteartean irabaztea da helburua”.