Fundazioak Athletic hurbildu die ospitalean dauden adin txikikoei

Fundazioak Athletic hurbildu die ospitalean dauden adin txikikoei

Supertxapeldunak proiektuaren baitan, Gurutzetako Ospitalean ingresatutako neska-mutilek une batez beren susperraldia ahaztu dute eta Mikel Jauregizar, Maddi Torre, Oihan Sancet, Elene Gurtubay eta Alex Padillarekin partidatxo bat jokatu dute

Urtero bezala, Athletic Club Fundazioak, Osakidetzarekin elkarlanean, “Futbol Pasillo” ekimenaren edizio berri bat ospatu du, ospitaleko korridoreak jolaserako eta ilusiorako espazio bihurtzen dituen ekimena. Ordu batzuetan, ospitalearen ingurua zelai inprobisatu txiki bihurtu da, non txikienek futbolaz gozatzeko aukera izan duten eta, une batez bada ere, ospitaleratzeak dakarren prozesu gogorretik ihes egiten duten.

Trapuzko baloiekin, ate txikiekin eta, batez ere, ondo pasatzeko gogo handiz, Athleticzale txikienek barreak, golak eta konplizitatea partekatu dituzte Mikel Jauregizar, Maddi Torre, Oihan Sancet, Elene Gurtubay eta Alex Padilla lehen taldeetako beren idoloekin. Partidaren ostean, futbolariak eskola eta onkologia solairuetara joan dira. Bertan, aurten parte hartzerik izan ez duten neska-mutilak daude ospitaleratuta. Animoak, argazkiak eta oroitzapenak banatu dituzte han, espiritu zuri-gorria gehixeago hurbilduz gela bakoitzera.

"Supertxapeldunak" proiektua

“Futbol Pasillo” 2019an jarri zen martxan lehen aldiz, eta Supertxapeldunak proiektuaren parte da. Ekimen horren helburua haurrei eta haien familiei tratamendu pediatrikoetan eta Bizkaiko ospitale-egonaldietan laguntzea da. Programa hau Athletic Club Fundazioak Osakidetzarekin eta UEFA Foundation for Children erakundearekin duen lankidetzaren barruan kokatzen da, kirolaren eta futbolaren emozioaren bidez ospitalean dauden adingabeen bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin.

Futbola dena da, dena futbola ez denean

Ospitaleko errutinak dena hartzen duenean, futbola babesleku gisa agertzen da, irribarreak sortzeko, itxaronaldia arintzeko eta egunerokoa eramangarriago egiteko. Futbola ez delako golak sartzea bakarrik, uneak partekatuz, zerbait handiagoaren parte sentitzea ere bada, baita testuinguru zailenetan ere. Athletic Club Fundazioak futbolak tresna sozial eta kultural gisa duen boterea aldarrikatzen du, komunitate zuri-gorria osatzen duten pertsonak erdigunean jarriz. Izan ere, Fundazioaren kanpaina berriak aldarrikatzen duen bezala, hori da futbolaren benetako indarra. Behintzat, gurearena bai.