
Ekainaren 14an ‘Athletic Martxa’ itzuliko da
Ekainaren 14an ‘Athletic Martxa’ itzuliko da
Fundazioak antolatutako martxa arautu honen ibilbide nagusiak Lezama eta San Mames lotzen ditu
Datorren igandean, ekainak 14, Athletic Clubek eta Athletic Club Fundazioak ‘Athletic Martxa’-ren edizio berri batean parte hartzera gonbidatzen zaituzte, pertsonak batzeko eta ingurune paregabean kirolaz, komunitateaz eta ongizateaz gozatzeko pentsatutako jardunaldian.
Martxa arautua eta ez-lehiakorra da, eta Klubaren bi gune enblematiko lotuko ditu: Lezama eta San Mames, mundu guztiak parte hartu ahal izateko diseinatutako ibilbidean, bere egoera fisikoa edozein dela ere.
Zure erritmoan parte hartzeko hiru ibilbide
Ibilaldiak hiru ibilbide izango ditu, hainbat profiletara egokituta:
- Ibilbide nagusia (Lezama-San Mames): Irteera 9:30ean Lezamako instalazioetatik.
- Tarteko ibilbidea (Artxanda-San Mames): Irteera 12:00etan Artxandako funikularraren ingurutik, plan eskuragarriago eta familiarrago baten bila dabiltzanentzat aproposa.
- Ibilbide inklusiboa (Salbeko zubia-San Mames): Irteera 12:45ean Salbeko zubiaren zabaldegitik, mugikortasun urriko pertsonentzat bereziki pentsatua.
Ibilbide guztiek bat egingo dute San Mamesen, 13:30ak aldera. Bertan, amaierako ‘Topaketa’ handi bat egingo da estadioaren zabaldegian, familia giroan gozatzeko jolas eta jarduerekin, eta egunari amaiera bikaina emateko. Trebetasun-probak, eskulanetako jolas ludikoak, punteria eta estrategia-jokoak, puzgarriak eta sorpresa gehiago izango dira.
Parte-hartzea eta xehetasunak
Antolaketa-arrazoiak direla eta, parte-hartzea 3.700 lagunera mugatuko da, aurreko edizioekin alderatuta eskuragarri dauden plaza kopurua handituz:
- Lezama-San Mames ibilbidea: 12 € helduak/6 € haurrak (bazkideak eta Club Athletic 5 €).
- Artxanda-San Mames ibilbidea: 10 € helduak/5 € haurrak (bazkideak eta Club Athletic 5 €).
- Salbeko zubiaren ibilbidea-San Mames: 4 € helduak/2 € haurrak (bazkideak eta Club Athletic doan).
Gainera, parte-hartzaile guztiek ‘Athletic Martxa’-ren edizio honen jardunaldia oroitzeko kamiseta jasoko dute.
Gorde data izena emateko epea maiatzaren 22an, ostirala, irekiko da eta.
Informazio gehiago HEMEN
