"Ondo eta pozik joaten naiz"

"Ondo eta pozik joaten naiz"

Ernesto Valverde hunkitu batek Lezamako bere azken prentsaurrekoan honako hau onartu du: "fitxatu ninduten egunean mesede handia egin zidaten"

Ernesto Valverdek azken agerraldia egin du Lezamako instalazioetan Real Madriden aurka jokatuko duten LaLigako 2025/26 denboraldiko azken neurketari aurre egin aurretik. Une oro hunkituta agertu den prentsaurrekoan, San Mamesen RC Celtaren aurka jokatutako azken norgehiagokan gertatutakoa eskertu nahi izan du, Katedralean entrenatzaile gisa aritu zenekoa: "Dena oso hunkigarria izan zen. Hasieratik bukaeraraino. Pena izan zen aste honetarako itxaropen hori emango zigun golik ez sartzea. Taldeak irabaztea merezi izan zuen, zalantzarik gabe. Ondo eta pozik noa. Zirraragarria da niretzat. Zaila da, baina ondo dago horrela agur esatea. Beti gustatu izan zait jokalari garrantzitsuak ondo agurtzea eta aurten niri egokitu zait. Denek izan dute nirekiko maitasun handiko detaile bat eta benetan eskertzen dut".

Europara sailkatzeko aukerarik gabe azken jardunaldi honetan, entrenatzaile zuri-gorriak urte zail hau ahalik eta ondoen amaitu nahi duela onartu du: "Nire azken partida da, baita taldearena ere denboraldi honetan. Ondo bukatu nahi dugu, baina badakigu zein zaila den Bernabeura joatea. 90 minutu horietan zentratuta gaude. Gero Mundiala eta oporrak etorriko dira, baina guretzat garrantzitsuena neurketan zentratzea eta joko on bat egiten saiatzea da. Zaila da, baina erronkari aurre egin behar diogu".

Eta denboraldia bukatu ostean, beste bat iritsiko da, Lezamako aulkian aurpegi berria duena. Edin Terzićek hartuko du taldearen gidaritza eta Ernesto Valverdek bere lanean zorterik onena opa dio: "Terzićen onena espero dugu. Ni hemendik aurrera zalea izango naiz, eta taldeari ondo joatea nahi dut. Izan ere, garrantzitsuena da Athletic goian egotea eta berak bere ideiak ondo transmititu ahal izatea. Munduko zorte guztia opa diot".


Sentimendu zuri-gorri mugaezina

Futbolaren munduan ibilbide kontrastatua duen Ernesto Valverdek, Athletic bezalako klub bat entrenatzea zein berezia den eta berarentzat zein garrantzitsua izan den aitortu du: "Fitxatu ninduten egunean mesede handia egin zidaten. Gehien identifikatu naizen tokia da. Hemen ezagutu dut neure burua ondoen, eta beste modu batera hazi naiz. Beti sentitu izan dut hemen nire atzean lanean izan dudan jende guztiaren bultzada, eta hori niretzat sinestezina da. Talde guztietan gauza bera gertatzen da, baina hemen desberdin bizitzen da. Athleticen klan bat gara ".

Eta oroitzapen ezabaezin batekin utziko du Kluba, Athletic Clubeko 25. kopa irabaztea lortu izanaren zorion osoarekin: "Kopako finalaren unea beti gogoratuko dut. Oso zailak ziren neurketak irauli ditugu, partida zirraragarriak jokatu ditugu... San Mamesen une berezi asko bizitzeko aukera izan dut... Baina 40 urteren ondoren kopa bat irabaztea bezalakorik ez dago. Mundu guztiarentzat izan zuen garrantziarengatik, une horrekin geratuko naiz".