Naia Landaluzek 2028ra arte berritu du

Naia Landaluzek 2028ra arte berritu du

Ehun partidak kamiseta zuri-gorriarekin gainditu dituen Orozkoko atzelariak beste bi denboraldiz luzatu du kontratua

Athletic Clubek eta 25 urteko Naia Landaluzek akordioa lortu dute defentsa zuri-gorriren kontratua 2028ko ekainaren 30era arte luzatzeko. Gauzak horrela, atzelariak bi denboraldi gehiago egingo ditu talde bilbotarrean. Landaluzek ehun partida baino gehiago jokatu ditu (104), eta 2.000 minutuko muga ere gainditu du, Loiga F-ko 25 jardunalditan, Kopako partida batean eta Superkopako norgehiagokan parte hartu duelarik.
 


Hastapenetan Pauldarrak taldean hezia, Orozkoko defentsak 2021eko ekainean egin zuen debuta maila gorenean, Iraia Iturregiren eskutik, eta funtsezko pieza izan zen garai hartan bigarren taldean. 2022-2023 denboralditik aurrera, lehen taldearen fitxarekin, minutu gehiago izaten hasi zen, eta ordutik erregulartasun handiko futbolari bihurtu da, denboraldi bakoitzeko jokatutako hogeita hamar partidetara hurbilduz.

Naia Liga F osoan baloi gehien lapurtzen duen hirugarren jokalaria da aurtengo denboraldia, batez beste partidako 1.8 baloi berreskuratzen duelarik. Erdiko atzelari bizia eta oso fisikoa da, aireko jokoa menderatzen du, eta orain arte hiru gol sartzeko ere balio izan dio.

Orozkokoak kontratu berria sinatu du Jon Uriarte presidentearekin eta Xabier Arrieta Klubeko Emakumezkoen Futboleko zuzendariarekin batera, Ibaigane Jauregian. Lehoia ilusioz gainezka agertu da bere bihotzeko klubean jarraitzeagatik: "Niretzat ohore bat da. Athletic nire bizitza da, txikitatik koloreak sentitzera irakasten dizute eta ilusio berezia egiten dit nire kontratua berritzeak. Zaila da iristea, baina are gehiago irautea, eta egunerokotasunaz gozatuz, nigan jartzen dut arreta, eta zer ekarpen egin diezaiokedan taldeari. Balio horiek erakutsi dizkidate eta taldean transmititzen jarraitu nahi dut".