Irabazlerik gabeko istorio zoroa
Aitor Lagunas, Lander Otaola gonbidatu bereziarekin batera, ‘Letrak eta Futbola’ jaialdiaren bigarren jardunaldiko protagonista izan zen atzo, ‘Brazalete Negro’ podcastaren zuzeneko grabazioarekin
Athletic Club Fundazioak antolatutako ‘Letrak eta Futbola’ kultur jaialdiak beste jardunaldi bat bizi izan zuen atzo San Mames VIP Areako Ekialdeko Aretoan. Saio oso berezia izan zen: Aitor Lagunasek Frantzian 1979an gertatutako pasarte zoro eta zoragarria berreskuratu zuen bere ‘Brazalete Negro’ podcasterako. Pasarte horren zuzeneko grabazioan gonbidatu oso berezi baten laguntza izan zuen: Lander Otaola euskal aktore eta athleticzaleak kontakizuneko hainbat pasarte antzeztu zituen.
Kontatutako istorioa ezin hobeto egokitzen da ‘Letrak eta Futbola’ jaialdiaren programaziora, futbola eta aldarrikapen soziala uztartzen dituen kontakizuna baita. Nantes hiriko sindikalista talde bati ideia bitxi bat otu zitzaion Longwy hirian bizi zen egoera larria salatzeko: FC Nantes taldeak irabazi berri zuen Frantziako Kopa (Coupe’79) lapurtzea.
Aitor Lagunasek podcastaren hasieran azaldu zuenez: “Hau Belgikara iristen den Frantziako langile-hiri deprimitu baten eta Loira ibaiak Atlantiko usaina hartzen duen hiri eder eta aberats baten artean dauden 700 kilometroen istorioa da. Hau lau gizonen istorioa da; auto batean bidaia egin zuten, futbol kopa batek kapitalismoaren gose aseezina geldiaraziko zuela amestuz. Hau kantari eskuindar batek langileei babesa ematen dien istorioa da, eta maillot hori batek haiei bizkar ematen diena. Hau Jose Arribas erbesteratutako bilbotarrak markatutako klub baten istorioa da; merkatuak uzten zion bitartean irabazi zuen klubarena. Hau irabazlerik gabeko istorio bat da”.
Jose Arribasi buruz, Athletic Clubek FC Nanteseko entrenatzaile historikoari buruzko erreportaje bat egin zuen 2010ean argitaratutako aldizkari ofizialaren 28. zenbakian.
Ondoren, Aitorrek eta Landerrek 1979ko abuztuaren 6tik 13ra bitartean gertatutakoa berreraiki zuten. Hollywoodeko gidoi baten pareko kontakizuna izan zen, “Casablanca” (“Louis, uste dut adiskidetasun eder baten hasiera dela hau”) edo “Con faldas y a lo loco” (“Tira, inor ez da perfektua”) bezalako filmen amaiera esaldi gogoangarrien mailakoa. Kopa bere benetako jabeari itzultzeko unea iritsi zenean, sindikalistetako batek honela esan zuen aitzakia moduan: “Kontu handiz zaindu dugu… Ez dugu bertatik edan ere egin”.
Jardunaldian izan ziren pertsonen artean honako hauek nabarmendu ziren: Josetxu Urrutia Klubeko batzordekidea, Jon Recacoechea Patronatuko kidea, Johana Ruiz Olabuenaga Athleticen Gizarte Arlo Handiko arduraduna, eta Galder Reguera jaialdiaren zuzendaria.
Gaur, 19:00etan: Diego Ibañez eta Javier Aznar
Gaurko ‘Letrak eta Futbola’ jardunaldian Diego Ibañez eta Javier Aznar izango dira protagonista, 19:00etan, San Mameseko VIP Areako Ekialdeko Aretoan egingo den solasaldian.
Diego Ibañez abeslari eta konpositorea da, Carolina Durante taldeko ahots nagusia izateagatik ezaguna. Taldea azken urteetako espainiar indie rock-aren erreferente nagusietako bat bihurtu da, belaunaldi baten sentipenak islatzen dituzten letrei eta soinu zuzenari esker.
Bestalde, Javier Aznar kazetari, idazle eta komunikatzailea da. Vanity Fair, AS eta Libero bezalako hedabideetan aritu da lanean. Horrez gain, Hotel Jorge Juan podcastaren sortzailea da, eta ¿Dónde vamos a bailar esta noche? liburuaren egilea; bertan kultura garaikidea ikuspegi pertsonal eta narratibo batetik lantzen du.
Sarrera doakoa izango da edukiera bete arte. Sarbidea estadioaren 14. atetik izango da.
‘Letrak eta Futbola’
‘Letrak eta Futbola’ Athletic Club Fundazioak antolatutako kultur jaialdia da. Meliá Bilbao hotelaren babes berezia du, baita Espainiako Gobernuko Kultura eta Kirol Ministerioaren laguntza ere.

