
“Denboraldi honek asko ondu gaitu”
“Denboraldi honek asko ondu gaitu”
Javi Lergak Alhama CF taldearen aurkako denboraldiko azken partida honetarako Lezaman ausart jokatzeko eta gozatzeko eskatu dio taldeari
Lehoiek Alhama CF taldearen aurka 16:00etan Lezaman jokatuko duten partidaren aurreko azken prentsaurrekoan agertu da Javi Lerga. Entrenatzaileak Elexpururen eta Sara Ortegaren bajak baieztatu ditu, baina lesioak "ziruditena baino gutxiago" direla esan du. Tafallakoak sentsazio onekin amaitzea eta lesiorik ez egotea espero du. Alhama CF maila galdu duen talde gisa iritsiko da eta teknikariak bere taldeari eskatu die bihar "ausartak izan daitezela eta jolasten saia daitezela. Barruan daramaten hori atera dezatela. Goza dezatela; izan ere, talde honek kalitate eta potentzial handia du".
Balantzea egiteko orduan, Lergak aitortu du ikaskuntza handiko denboraldia izan dela. "Asko kostatu zitzaigun abiatzea, eta horrek arlo mentalean eragina izan du. Gorago egoteko itxaropena genuen", azaldu du. Era berean, adierazi du taldea hazi eta heldu egin dela. "Errazak izan ez diren uneak bizi izan ditugu, eta oso talde gaztearekin eutsi behar izan diogu elkarri", aipatu du entrenatzaileak.
Alde positiboan, jokalariek erakutsi duten erresilientzia goraipatu nahi izan du: "Taldeak tinko mantentzeko izan duen gaitasun horrekin geratzen naiz. Une txarretan nabaritzen da jendearen izaera eta nortasuna, eta taldea erresilientea izan da. Piña bat izan gara, goraipatu beharreko zerbait da, taldeari buruz oso ondo hitz egiten duelako".
Aldiz, arlo negatiboan, jakin badaki taldeak ez duela tinkotasuna erakutsi denboraldian zehar, agian, jokalariek pairatutako lesioen eraginaren poderioz. "Asko ondu gaitu eta etorkizunerako balioko digu", esan du Lergak. Lehoiek une ahulak bizi izan dituzten arren, eskertu egin du beti "babestuta" sentitzea, nahiz eta ikasturte honetan "gauzak ez diren espero bezala atera".
Erlazionatutako partidak
Athletic Club - Alhama CF


