
Athletic Club Academy sortu da, eta bere talde propioekin lehiatuko da
Athletic Club Academy sortu da, eta bere talde propioekin lehiatuko da
Athletic Cluben futbol eta formakuntza integraleko akademia berriak Eskola eta lehendik zeuden beste zerbitzu batzuk bereganatu ditu, eta erakundearen bultzada erabakigarria jaso du lehiaketarako bere talde propioak sortuta
Alde batetik, Athletic Club Academyko kide direnei instalazio, metodologia eta laguntza egokienak dituen zentroan prestatzeko aukera eskaintzen die, ahalik eta mailarik gorenera iristeko.
Bestetik, Klubaren eta harekin hitzartutako kluben egituraren jasangarritasun ekonomikoari laguntzen dio eskaintzen dituen zerbitzuen bidez, Athletici etorkizunera begira bere nortasun berezia galdu gabe proiektatzeko aukera ematen dion zirkulua itxiz.
Athletic Club Academyk Eskola eta Lezamari lotutako beste zerbitzu batzuk bereganatzen ditu, eta berrikuntza handi batekin sortzen da: entrenamendurako eta lehiaketarako bere talde propioak martxan jarriz.
Hori dela medio, Athletic Academy talde berriak Athletic Cluben formakuntza-ereduaren luzapena dira, jokalariei Lezama Europako eta munduko futbolaren erreferente bihurtu duten printzipio, balio eta irizpide berberen arabera entrenatzeko eta lehiatzeko aukera eskainiz.
ATHLETIC ACADEMY TALDEETAN IZENA EMATEA
Formakuntza-eredu propioa, Athletic ADNarekin
Taldeak Athletic Club Academyk berak diseinatu eta kudeatuko ditu osorik, eta Klubeko entrenatzaileak izango dituzte, formakuntza koherentea, jarraitua eta metodologia zuri-gorriarekin lerrokatua bermatuz.
Talde horiek ez dira Athletic Cluben harrobiko parte izango, Fundazioarenak baizik; hala ere, esentzia bera partekatzen dute: futbola ulertzeko modu komuna, exijentzia, garapen progresiboa eta futbolari bakoitzaren hazkunde pertsonal eta kirolean oinarritua, goi-mailako formakuntza-ingurune batean.
Bi talde 2026/27 denboraldirako
Lehen denboraldian, 2026/27an, Athletic Academyren hasierako egiturak benjamin mailako bi talde misto izango ditu.
Bi taldeek Bizkaiko eskolarteko ligan lehiatuko dute, formakuntza-prozesua osatuko duen benetako lehiaketa-sistema batean integratuta.
Formakuntza Lezaman
Taldeen jarduera oso-osorik Lezamako instalazioetan egingo da, astean bi entrenamendurekin:
- Astearteetan, 19:00etatik 20:30era
- Ostiraletan, 19:00etatik 20:30era
Horrez gain, etxeko partidak ere Lezaman jokatuko dira, jokalarien lehiaketa-esperientziari balio erantsia emanez.
