
Lehoiek uztailaren 13an, astelehenean, ekingo diote denboraldiaurreari
Lehoiek uztailaren 13an, astelehenean, ekingo diote denboraldiaurreari
Dagoeneko talde teknikoa osatuta duen Victor Martinen jokalariak proba medikoekin hasiko dira eta asteazkenean, hilaren 15ean, lehen saioa beteko dute
Emakumezkoen Athletic Club taldea lanera itzuliko da uztailaren 13an, astelehena, udako etenaldiaren ondoren. Aurten, Víctor Martín madrildarrak zuzenduko du taldea, eta jokalariak taldeka banatuko dira bi egunez, proba medikoak, fisikoak eta fisiologikoak egiteko, IMQko zerbitzu medikoen ikuskaritzapean.
Baloiak asteazkenean, hilak 15, egingo du bira Lezaman, berdeguneko lehen lan saioa betez. Abuztuaren azken asteburuan hasiko da txapelketa, Lezaman, FC Badalona Women taldearen bisitarekin.
Talde teknikoa
Victor Martinek dagoeneko definituta ditu bere laguntzaileak: Gontxal Idoate iruindarra izango du bigarren entrenatzaile, aurreko denboraldian Hirugarren Mailako gizonezkoen CD Oberena zuzendu duena eta aurretik CA Osasuna eta UD Txantrean lan egin duena.
Prestatzaile fisikoa Daniel Boya izango da, azken bi denboraldietan emakumezkoen RCD Espanyol taldean lan egin duena. Gainera, eskarmentu handia du indarraren eta egokitzapenaren entrenatzaile gisa beste kirol batzuetan; hala nola, tenisean, boleibolean eta errugbian.
Bestalde, analista Roberto Cantarero izango da. Azken urteotan hainbat lan egin ditu; besteak beste, Unionistas de Salamanca CF taldean, Marruecoseko Futbol Federazioan, Fundación Albacete, AD Alcorcon, CD Leganes eta Rayo Vallecano taldeetan.
Manex Sagarna atezainen entrenatzaile izaten jarraituko du. June Mendizabal prestatzaile fisiko eta jokalari ohiak eta Iñaki Martín-Abraldes analistak taldea utzi dute, eta Klubak zorterik onena opa die euren ibilbide pertsonal eta profesionalean.
