
"Jendea bere jokalariez harro sentitzea nahi dut"
"Jendea bere jokalariez harro sentitzea nahi dut"
Víctor Martín, talde zuri-gorriaren entrenatzaile berriak, «talde ausarta, oldarkorra eta ikusteko atsegina» nahi du
Emakumezkoen taldeko entrenatzaile berria den Víctor Martin gaur goizean aurkeztu dute Lezamako prentsa aretoan, emakumezkoen taldeko zuzendari Xabier Arrietarekin batera. Arduradun nagusiak madrildarraren "ibilbide oparoa" azpimarratu du, eta azaldu du profil egokia dela kargurako, aurretik Madrid CFF eta Atlético de Madrid bezalako taldeetan lan egin ostean.
Víctor Martínek adierazi du kanpotik beti miretsi izan duela bere klub berria, baina "lehen elkarrizketek berehala erakusten dizute zein berezia den hau, eta hona etortzea erabaki zuzena dela, armarri hau ordezkatzeak dakarren erantzukizunaz jabetuta".
Entrenatzaile zuri-gorriak azaldu du xehetasun guztiak zaintzeko asmoarekin iritsi dela Lezamara, eta behin hemen egonda, hori guztia nabari dela. "Egunero sumatzen da hau babesteko dagoen maitasuna eta zaintza", adierazi du madrildarrak. Bere ekarpena egin nahi du denboraldi berri eta ilusioz beteriko honetako helburuak lortzeko.
"Jendea harro senti dadila gure jokalariez"
Madrildarrak ez zuen zalantzarik izan Athletic entrenatzeko aukera agertu zitzaionean, eta gaur, lehen entrenamendu saioaren ostean, esan du dagoeneko ulertu duela Athleticen handitasuna zer den: "Herriz herri eta txoko guztietan transmititzen den zerbait da". Horrelako sentimendu batek, haren esanetan, "merezi du partida bakoitzean jendea gu ordezkatzen gaituzten jokalariez harro sentitzea".
Taldeak ordubete pasatxoko entrenamendua egin du 6. zelaian, eta entrenatzaileak adierazi du jokalariak prestutasun handiz, ilusioz eta anbizioz ikusi dituela. "Hobetu eta partida guztiak irabazi nahi dituzten jokalariak dira. Nik entrenatzaile gisa, eta haiek jokalari gisa, talde ausarta, oldarkorra eta ikusteko atsegina izatea lortu behar dugu. Aurkariari min egin nahi dion eta beldurrik gabe aurrera egingo duen taldea izan behar dugu. Lehiakorrak izan eta lehiaketak eskatzen duenari egokitzen jakin behar dugu", amaitu du.
