Mikel Vesga, UD Almeriara

Mikel Vesga, UD Almeriara

Bere hamargarren denboraldia betetzear zela utzi du Athletic erdilariak; 275 partida, bi titulu eta Klubeko jokalari handiaren aitortza utzi ditu atzean

Athletic Clubek eta UD Almeriak akordioa lortu dute Mikel Vesga erdilaria andaluziako taldera transferitzeko. Gasteiztarra hamargarren denboraldia betetzear zegoen lehen taldean. 2027ko ekainaren 30era arteko kontratua zuen, eta 33 urterekin utziko du erakunde zuri-gorria, lehoi gisa 275 partida jokatuta, bi titulurekin (Kopa eta Superkopa) eta Klubeko jokalari handiaren aitortzarekin.

Vesga 2014-15 denboraldian iritsi zen Athletic Clubera, Deportivo Alavesetik, lehenik filialean jokatzeko eta ondoren lehen taldera jauzia emateko. Bere ibilbide luzeaz gain, bereziki gogoratuko da 2023-24 denboraldian irabazitako Kopako finalean izan zuen paper erabakigarriagatik. Atsedenaldian zelairatu zen, taldea 1-0 galtzen ari zenean, eta penaltien txandan gola sartu zuen. Urteekin, penalti-jaurtitzaile fidagarri bihurtu zen, eta horri esker hamar golera iritsi zen lehoi gisa.

Joko-ikuspegi handiko erdilaria, jokabide eredugarria izan du eta beti taldearen interesak lehenetsi ditu, Ernesto Valverderen aginduetara egin zuen debuta, Zigandarekin Bilbao Athleticen nabarmendu ondoren. Real Sporting de Gijonen eta Club Deportivo Leganesen egindako bi lagapenaldiek jokalari gisa sendotu zuten. Athleticen historian partida gehien jokatu dituzten futbolisten sailkapenean 60. postuan dago, eta bere parte-hartzerik handiena Marcelino Garcia Toralen bi denboraldietan eta Ernesto Valverderen azken aroko lehenengoan izan zuen (43 partida eta 4 gol).

Athletic Clubek bihotzez eskertu nahi dio Mikel Vesgari Lezaman egindako ibilbide osoan erakutsitako konpromisoa eta dedikazioa, eta zorterik onena opa dio bai bere etorkizun pertsonalean, bai profesionalean.