
Klubak Begoñako Amatxuri egindako ohiko bisita
Klubak Begoñako Amatxuri egindako ohiko bisita
Athleticeko lehen taldeek, Zuzendaritza-Batzordearekin batera, Aste Nagusian Begoñako basilikan egin ohi duten bisita tradizionala egin dute
1930etik hona ohitura denez, Athletic Clubeko lehen taldeetako ordezkaritza zabal batek -Genuine taldea barne-, Jon Uriarte presidentearekin, eta Zuzendaritza-Batzordeko ordezkaritza batekin batera, eskaintza egin dio Begoñako Amatxuri, Bizkaiko zaindariari, urtean zehar Athletic Clubeko familiako kide zendu guztien oroimenez.
Beste urte batez, ekitaldiak athleticzale ugari bildu ditu Begoñako Basilikaren barruan eta inguruetan, dagoeneko mendeurrenera hurbiltzen ari den hitzordu sozial zuri-gorri hau elkarrekin ospatzeko.
Jon Uriarte presidenteak hitzaldi labur bat egin du, belaunaldiz belaunaldi Athletic Cluben sentimendua eta balioak transmititu zituzten pertsonak eskertzeko eta aitortzeko: bazkideak, futbolariak, batzordekideak eta athleticzaleak oro har.
Bilboko Udalari eta Eusko Jaurlaritzari egindako harrerak
Era berean, gaur goizean, 10:30ean eta 12:00etan, Ibaigane Jauregian Bilboko Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzei egindako harrera instituzionalak izan dira.
Ohikoa denez, Jon Uriarte presidentearen ongietorriaren ondoren, erakundeetako ordezkariek eta gainerako bertaratuek iritziak eta hausnarketak partekatu dituzte, eta bat egin dute hasi berri den denboraldia ahalik eta ilusioz betea izan dadin duten nahiarekin.
Datorren asteazkenean, 9:30ean, bazkideen txanda izango da; 11:30ean, Bizkaiko Foru Aldundiarena; eta, azkenik, 12:45ean, Athletic Club Fundazioaren enpresa eta erakunde laguntzaileena.
