Jakinarazpen ofiziala: Yuri Berchichen helegitea ezesteari buruzkoa

Jakinarazpen ofiziala: Yuri Berchichen helegitea ezesteari buruzkoa

Athletic Club ez dago ados Apelazio Batzordeak bere helegitea ezesteko emandako arrazoiekin. Helegitea CTAren beraren adierazpen ofizialean oinarrituta zegoen, eta erabaki horrek kalte gehigarria eragiten dio Klubari

Athletic Clubek gaur goizean jaso du Apelazio Batzordearen ebazpena, Klubak aurkeztutako bigarren helegitea ezesten duena. Helegite horren bidez, Yuriri erakutsitako txartel gorria baliogabetzea eta horren ondoriozko partida bateko zigorra indargabetzea eskatu zuen Klubak. Atzelari zuri-gorria deialdi barruan zegoen eta azken unera arte ebazpenaren zain; hala ere, ebazpen negatiboa ezagututa, azkenean ez zen Bartzelonara joan.

Athletic Clubek ez du ulertzen Apelazio Batzordeak helegitea ezesteko erabilitako arrazoia. Helegitea Epaileen Batzorde Teknikoaren (CTA) adierazpen tekniko ofizial, publiko eta berariazkoan oinarritzen zen.

“Epailearen akats argi eta nabarmena”

CTA-k —RFEFko arbitraje-organo teknikoak— joan den abuztuaren 25eko arratsaldean publiko egin zuen analisian adierazi zuen Sevillako jokalari Miguel Sierrak egindako kontrolak baloia urrundu zuela eta, Yuriren jokaldia gertatu zenean, aurrelariak jada ez zuela baloia iristeko aukerarik. Argitaratutako ondorioa argia eta zalantzarik gabea izan zen: “Zuzeneko falta, txartelik gabe. Epailearen akats argi eta nabarmena. VAR-ak esku hartu behar zuen.”

Dagokion organo tekniko eskudunak txartel gorria epailearen akats gisa jo duenez —ez da kazetaritza-iritzi bat, ez alderdi batek eskatutako aditu-txosten bat, ezta Klubak defendatutako beste interpretazio bat ere; CTAren beraren ondorioa da—, Apelazio Batzordeak ebazpena ematerakoan hori kontuan hartu beharko zukeela uste dugu.

Athletic Clubek aurkeztutako helegitea ezesteak agerian utzi du irizpide tekniko ofizialaren eta mantendutako diziplina-ondorioaren arteko kontraesana, azken hori zalantzarik gabe okertzat jo den erabaki batean oinarritu baita. Ez dago zalantzarik, ezta bi bertsio berdin sinesgarri ere: txartel gorria baztertzen duen eta akats nabarmena berariaz aitortzen duen adierazpen tekniko ofiziala da. Eta adierazpen hori, modu kontraesankorrean eta gure ustez bidegabean, ez da kontuan hartu.

Horrek esan nahi du eragindako kaltea bikoitza dela: lehenik, Athletic Clubek jokalari bat gutxiagorekin jokatu behar izan zuelako Sevillaren aurkako partidaren zatirik handienean; eta orain, partida bateko etete-zigor gehigarria betetzeak akats bera —dagoeneko atzeraezina dena— bigarren jardunaldi batera hedatzea baino ez duelako eragiten.