Katedrala, azalean ere bai
Athletic Clubeko denboraldi honetako elastikoen zenbakiek San Mameseko fatxadan eta zaleen bultzadan inspiratutako diseinua dute
Emakumezkoen lehen taldeak asteburu honetan estreinatuko ditu dortsal berriak, San Mamesen esentzia zuzenean elastikora eramanez. Diseinu hori gizonezkoen lehen taldeak Kopan eta harrobiko taldeek ere erabiliko dute. “Katedrala azalean” kontzeptuaren baitan sortu da, eta estadioaren arkitektura eta zaleen babesa jokoaren beraren parte bihurtzen ditu.
Proposamen berriak "Akrobat" tipografia mantentzen du, Klubaren ohiko identitate bisuala, baina zenbaki bakoitzaren barruan San Mameseko fatxadako lama enblematikoetan inspiratutako patroia txertatzen du. Diseinu horrek taldearen eta estadioaren arteko lotura ikur bihurtzen du dortsala, eta harmailen etengabeko babesa ematen die futbolariei.
Diseinuaren beste ezaugarri nagusia 12,8 graduko inklinazioa da, Athletic Cluben 128 urteko historiaren erreferentzia zuzena. Aurreranzko proiekzio arin horrek etorkizunari bere sustraiak bistatik galdu gabe begiratzen dion erakunde baten bultzada adierazten du, bere historiaren pisua dinamismo eta anbizio irudi bihurtuz.
San Mameseko lamek esanahi sinbolikoa hartzen dute. Partida bakoitzean zaleak estadioaren kanpoaldetik babesten badituzte, orain jokalari bakoitzaren dortsalean ere badago, gure taldea milaka athleticzalerekin batera berdegunera ateratzen dela irudikatuz. Zaleek, beraz, harmailetatik elastikora egiten dute jauzi, sinbolikoki, eta haren parte bihurtzen dira.
Nortasun bisual horrek Athletic Cluben oso presente dagoen ideia bati ere erantzuten dio: futbolari batek ere ez duela bakarrik lehiatzen. Diseinuaren helburua kide izatearen sentimendua indartzea da, eta jokalari bakoitzaren atzean istorio partekatua, estadio bat eta partidako jokaldi bakoitzean bultzatzen duten zaleak daudela gogoraraztea.
Dortsal berriak Athletic Clubek Kopan, emakumezkoen lehen taldeak eta harrobiko taldeek erabilitako ekipamenduetan egongo dira, azken bi denboraldietan burdina, Bilboko industria-tradizioa eta ‘Unique In The World’ kontzeptua inspirazio-iturri izan dituen ikus-identitateen ildoari jarraipena emanez.

