Athletic Genuine taldeari omenaldia San Mamesen

Athletic Genuine taldeari omenaldia San Mamesen

Athletic Club Fundazioaren talde osoa, gure Genuine taldea, Katedralera zelairatuko da Atletico Madrilen aurkako partidaren atarian, Fair Playko bigarren munduko txapelketaren lorpena zale zuri-gorriei eskaintzeko

Adimen-desgaitasuna duten pertsonek osatutako Athletic Genuine taldeak omenaldi bero eta merezia jasoko du larunbatean, Athletic Clubek eta Atletico Madrilek jokatuko duten partidaren atarian. Taldeak Fair Playko bigarren munduko txapelketa irabazi zuen Houstonen (AEB), 2026ko abuztuaren hasieran.

Lantaldeko 36 kideak, talde teknikoa barne, Katedralera zelairatuko dira eta, bertatik, nazioarteko lorpena zale zuri-gorriei eskainiko diete. Bigarren urtez jarraian, Genuineko lehoiak Houstonen jokatutako Munduko Txapelketan saritu dituzte kiroltasunagatik, laguntasunagatik eta zelaian zein zelaitik kanpo erakutsitako errespetuagatik. Txapelketan 53 herrialdetako 50 klub eta selekzio baino gehiagok hartu dute parte.


Futbola dena da, dena futbola ez denean

Fundazioaren taldeak San Mamesen zaleen txalo zaparrada jasoko duen hirugarren aldia izango da, Athleticeko balioak ordezkatzeko erakusten duten modu bikainaren aitortza gisa.

2018ko urrian, zuri-gorriek Valencia CFren aurka jokatu zuten partidaren aurretik, Genuine taldeak Ohorezko Sakea egin zuen, 2017/18ko LaLigako Fair Play txapelketa irabazi ostean.

2021eko azaroan, berriz, ligako Fair Playko hirugarren titulua zela eta, Genuineko jokalariek ohorezko itzulia eman zioten jokalekuari, Athletic Cluben eta Granada CFren arteko partidaren atsedenaldian.
Une hunkigarri eta ilusioz beteriko horiek larunbatean berriro biziko dira San Mamesen. 

Pozaz eta alaitasunez nonahi zabaltzen duen taldearentzat, zalantzarik gabe, arratsalde ahaztezina izango da.

Izan ere, Genuinek ederki erakusten duen bezala, futbola dena da dena futbola ez denean.