"Bagenekien denboraldiaurrean egindako lanarekin pozik egoteko arrazoiak genituela"

"Bagenekien denboraldiaurrean egindako lanarekin pozik egoteko arrazoiak genituela"

Víctor Martinek adierazi du hasierako garaipena gorabehera taldeak are gehiago estutu duela bere burua aste honetan, eta igandean Logroño Uniteden aurka neurketa zaila espero duela

Joan den igandean Lezaman FC Badalona Women mendean hartu ondoren, Athleticek etxetik kanpoko lehen neurketari egingo dio aurre. Igandean izango da, Las Gaunasen (18:30ean), Logroño Uniteden aurka. Víctor Martínek egutegiko bigarren jardunaldi honen atariko iritziak eman ditu.

«Pozik gaude, ondo gaude; denboraldiaurrean ere esan genuen pozik egoteko arrazoiak genituela, taldea nola lehiatzen ari zen ikusita», adierazi du lehen hiru puntuak lortu ondoren taldearen aldarteaz galdetuta. «Taldeak lehiakortasunean egonkortasuna izatea nahi dugu partidako une guztietan. Taldeak eutsi egin zion, partida iraultzeko gai izan zen eta aldea handitzea ere lortu zuen», azaldu du Víctorrek, kataluniarren potentziala ere gogora ekarriz.

Sailkapeneko lehen garaipena eskuratuta, Athleticeko entrenatzaileak inertzia aprobetxatu eta kontakizuna gure alde kudeatu nahi du, lasaiago egoteko. «Jokalariek ez dute ezer aldatu; are gehiago, astea are zorrotzagoa izan da haien aldetik. Prozesuak doitzen jarraitzen dugu, eta denbora asko dugu aurretik egiten ari garen lanaren fruituak jasotzeko», adierazi du.

Aurkariari buruz, Logroño Unitedek ideiak argi dituela adierazi du. «Arrisku handia sor dezakete trantsizioetan eta hegaletatik. Aurrean jokalari arriskutsuak dituzte joko zuzenerako, baita geldikako jokaldietan ere», ohartarazi du entrenatzaile madrildarrak, eta bere jokalariei kontzentrazio handiena eskatu die guretzat «oso neurketa zorrotza» izango den honetan.