Athletic - ElcheErosi orain

Johaneko: "Aukera agertzen denean, prest egon behar duzu"

Johaneko: "Aukera agertzen denean, prest egon behar duzu"

Baionarra pozik agertu da Athleticekin lehen minutuak jokatu ostean, eta "konfiantza handiz eta hobetzen jarraitzeko prest" dagoela ziurtatu du, lehen taldean tokia egiteko

Johaneko Louis-Jeanek hedabideen aurrean hitz egin du Lezaman, Athletic Clubeko lehen taldearekin debuta egin ostean. Baionarrak Edin Terzićen aginduetara eman dituen lehen asteak eta debutak eragindako emozioa izan ditu hizpide.

"Mikelek esan zidan lehen taldearekin hasiko nintzela eta oso pozik jarri nintzen. Jokalari guztiek espero duten unea da. Familiak beti babestu nau eta lan egiteko, gauzak ondo egiteko eta dena iritsiko zela esaten zidan. Hala egin dut eta debuta egiteko unea iritsi da. Denak harro daude, eta ni ere bai", azaldu du.

Debutak esanahi berezia du Johanekorentzat. Duela hamar urte Athleticekin izan zen txapelketa batean, oraindik Baionan jokatzen zuenean: "Mikel Santosekin egon nintzen hemen, eta gogoan dut esan nuela: 'Ea egunen batean Athletic Clubeko lehen taldearekin jokatzen dudan'. Hamar urte geroago, San Mamesen nire lehen minutuak jokatu ahal izan ditut. Nire bizitzako helburua zen, eta orain lanean jarraitu eta gauzak ondo egin behar ditut".

Atzelariak aitortu du maila gorenean lehiatzeak exijentzia handiagoa dakarrela: "Lehen Mailan dena azkarrago doa. Baloi-galtze bakoitza gol bihur daiteke eta ehuneko ehunean adi egon behar duzu. Talde guztiak dira onak". Bere ezaugarriei dagokienez, bere burua "nahiko jokalari azakarra" bezala definitu du, eta defentsan zein erasoan ekarpena egin dezakeela uste du: "Zelaian dena eman nahi dut taldeari laguntzeko".

Johaneko eroso sentitzen da ezker hegaleko defentsan, baina Terzićen beharretara egokitzeko prest agertu da: "Oso ondo datorkidan postua da, baina entrenatzaileak eskatzen didan tokian jokatuko dut eta ondo egiten saiatuko naiz". Teknikari zuri-gorriaren proposamenetik, bereziki, honakoa nabarmendu du: "Beti intentsitatez eta presio altuarekin jokatzea nahi du. Talde osoari ondo etorri zaiola uste dut. Orain helburu handiak ditugu eta gustatzen zait".

Aldagelan jasotzen ari den laguntza ere nabarmendu du: "Denek laguntzen didate ondo sentitzen eta egunero hobetzen". Bereziki, Yuri Berchiche aipatu du erreferenteetako bat bezala: "Adibide ona da, egin duen ibilbide guztiagatik. Ezaugarri asko ditu eta, laguntza behar badut, beti eskaintzen dit". Peter Gaydarovekin egiten duen lan espezifikoa ere baloratu du: "Asko laguntzen digu, berarekin lan espezifikoa egiten dugu eta asko hitz egiten dugu nola hobetu dezakegun".

Lehen taldera iristeko bidea ez da zailtasunik gabekoa izan. "Iazko urtea zaila izan zen lesioengatik. Girondins mailaz jaitsi zenean ere une zailak izan ziren. Hegaleko asko zeuden eta nik jokatu beharra nuen. Lugora utzita joan nintzen, dezente jokatu nuen eta egunez egun bizi izan nuen aro hori". Esperientzia horrek aukera iritsi denean prest egoten lagundu dio: "Une onetan beti egon behar da prest. Aukera iristen denean, prest egon behar duzu. Ni beti kontzentratuta egoten saiatzen naiz".