
‘Partida Inklusiboena’ San Mamesera iritsiko da
‘Partida Inklusiboena’ San Mamesera iritsiko da
Athletic Clubek ekimen honen bosgarren edizioa hartuko du Real Betisen aurka, abenduaren 20aren inguruan. World Football Summit-ek (WFS) eta Integrated Dreams GKEak sortutako ekimenak daltonismoaren inguruan sentsibilizatzen eta Fundazioaren inklusio-proiektuak ezagutarazten lagunduko du
Athletic Clubek eta Fundazioak ‘Partida Inklusiboena’ ekimenaren bosgarren edizioa hartuko dute datorren abenduaren 20an (data baieztatzeke), LaLigako hamazazpigarren jardunaldiari dagokion Real Betisen aurkako partidan. World Football Summit-ek (WFS) eta Integrated Dreams GKEak sortutako ekimenaren helburua da desgaitasuna duten milioika pertsonek futbolera iristeko dituzten oztopoak ikusaraztea eta horiei aurre egitea, futbolean jokatuz, partidak ikusiz edo industrian lan eginez.
Aurten, gainera, Athletic Club Fundazioa sortu zeneko 25. urteurrenaren atarian egingo da partida, eta haren inklusio-proiektuak ezagutarazteko eta daltonismoaren inguruan sentsibilizatzeko balioko du.
Munduko biztanleen %16k desgaitasunen bat du
Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, munduko biztanleen %16k, hau da, 1.300 milioi pertsonak, desgaitasunen bat du gaur egun. Hala ere, CAFEren eta AccessibAllen datuen arabera, %50ek ez du inoiz kirol-ekitaldi batera zuzenean joateko aukerarik izan. 2024an, desgaitasuna zuten pertsonen %52k ezin izan zuen kirol-ekitaldirik ikusi irisgarritasun faltagatik, eta %23k ekitaldiren batera joateari uko egin behar izan zion garraio irisgarririk ez zegoelako, Disability Policy Centrek emandako datuen arabera. Eten digitalak ere bere horretan dirau: Level Playing Fieldek jasotakoaren arabera, %26,5ek zailtasunak izan zituen 2024an sarrerak online erosteko.
Eragina estadioetatik harago doa. Purple erakundearen arabera, desgaitasuna duten pertsonen %75ek produktu edo zerbitzuren bat erosteari utzi dio irisgarritasun faltagatik; eta Nazio Batuen Erakundearen arabera, desgaitasuna duten emakumeen %93k ez du inolako loturarik kirolarekin.
Datu horiek agerian uzten dute irisgarritasunik eza ez dela instalazioetako arazo puntuala, baizik eta kirol-ekosistema osoan integraziorako oztopoa.
2023an sortua, ‘Partida Inklusiboena’ ekimenak errealitate horri heltzen dio, klubentzako katalizatzaile praktiko gisa jardunez. Aurreko lau edizioetan, ekimenak neurri iraunkorrak utzi ditu anfitrioi izan diren erakundeetan; besteak beste, zentzumen-gelak ezartzea, audiodeskribapen-zerbitzuak eskaintzea eta desgaitasun intelektuala duten profesionalak txertatzea.
Athletic Club Fundazioaren 25. urteurrenaren atarian
Athletic Club ekimen honetara batu da, World Football Summit (WFS) eta Integrated Dreams erakundeek sustatutakoa, 2027an beteko duen 25. urteurrenaren harira.
Aurki, Athletic Clubek eta Fundazioak zehaztasun handiagoz jakinaraziko dituzte abenduaren 20aren inguruan San Mamesen lehoiek eta betikoek jokatuko duten partidaren aurretik, bitartean eta ondoren egingo diren jarduerak.
Aurkezpen-ekitaldia astearte honetan, irailaren 15ean, egin da Madrilen, eta Athletic Cluben izenean Galder Reguera, Fundazioko Proiektu-arduraduna, bertaratu da.
Ekitaldian, Marian Otamendi, World Football Summit-eko sortzaileetako eta CEOko kideak adierazi duenez, “bere historiagatik eta ordezkatzen dituen balioengatik, Athletic Club mundu mailako erreferentea da. ‘Partida Inklusiboena’ ekimenera batu izana harrotasunez betetzen gaitu. Albiste bikaina da bai gaur egun futbola nahi luketen bezala gozatu ezin duten desgaitasuna duten milioika pertsonentzat, bai industria osoarentzat ere, benetan guztiona izan nahi badu, ezin baitu inor kanpoan utzi”.
Erlazionatutako partidak
Athletic Club - Real Betis


