"Taldeak oso ondo erantzuten du testuinguru desberdinen aurrean"

"Taldeak oso ondo erantzuten du testuinguru desberdinen aurrean"

Victor Martinek lehen derbia jokatuko du Athleticen aulkian, Eibarri etxetik kanpo irabazi eta "taldearen inertzia positiboarekin" jarraitzeko asmoz

"Lasai joateko premisarekin goaz. Ateen barruko mezua beti da %100 eman behar dugula, eta oraindik urrun gaude hainbat alderditan iritsi nahi dugun mailatik. Ahalik eta ondoen egin nahi dugu, beti hobetuz, eta beti konpromiso eta dedikazio bera erakutsi". Victor Martinek aitortu du pozik dagoela Athleticek lehen jardunaldi hauetan izandako jardunarekin. Ipuruan neurketa gogorra izango dute lehoiek. 

Oraindik porrotaren berri izan gabe, zuri-gorriek SD Eibarri egingo diote bisita igande honetan, entrenatzaile madrildarraren lehen derbia izango delarik: "Derbi guztiak bezala, berezia izango da. Hori bai, guk gure ildotik jo behar dugu: irabaztera joan, neurketa guztietan bezala, eta beste batekiko dimentsio handiagoa eman gabe. SD Eibar oso ondo ikusten dut. Gustatzen zaidan taldea da, entrenatzaile bikaina du eta oso ondo lehiatzen da, une bakoitzean zer egin oso argi edukitzeaz gain. Zailtasun handiko partida da, baina hortik aurrera, taldeari eman nahi diogun nortasunarekin lehiatu behar dugu".

Athletic erantzuten ari da denboraldi hasiera honetan. Helburua, dinamika berean jarraitzea: "Prozesu honetan egoera ezberdinetan ondo moldatzen saiatu behar dugu. Taldearen maila ikusteko eta hainbat testuingurutara egokitu gaitezkeela ikusteko balio diguten ikaskuntzak diren uneak izaten ari gara".