Terzić: "Oso bide onean gaude"
Teknikari zuri-gorriak ilusioz ekingo dio Athleticen entrenatzaile gisa zuzenduko duen lehen derbiari, eta taldearen bide ona nabarmendu du Deportivo Alaves hartu aurretik
Edin Terzićek hedabideen aurrean hitz egin du Lezaman, larunbat honetan San Mamesen jokatuko den Athletic Club-Deportivo Alaves partidaren atarian. Entrenatzaile zuri-gorriak ilusioz ekingo dio Athleticen aulkian biziko duen lehen derbiari, eta neurketa denboraldi hasiera honetan taldeak erakutsitako bilakaerari jarraipena emateko aukera ona dela uste du.
"Athleticen entrenatzaile gisa zuzenduko dudan lehen derbia da, eta badakit partida honek duen garrantzia. Osagai emozionala dago, eta hori garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa da gu geu ondo prestatzea partidari behar bezala aurre egiteko", adierazi du Terzićek.
Teknikariak talde babazorroaren denboraldi hasiera ona eta haren bertute nagusietako batzuk nabarmendu ditu: "Alavesek egitura ona du, entrenatzaile ona eta eraginkorra izaten ari da. Area barruan arriskutsua den taldea da; bi aurrelarirekin joka dezake eta bost jokalari ere izan ditzake area barruan". Hala ere, Terzićek Athleticengan jarri du arreta: "Errespetu osoa diogu aurkariari, baina gehiago axola zait gure taldea eta gu nola izan gaitezkeen arriskutsuak".
Bi asteko etenaldiaren atarian, entrenatzaile zuri-gorriak derbia baliatu nahi du puntuak batzen jarraitzeko: "Askoz hobeto sentitzen gara irabazi ondoren; beraz, bihar aukera bikaina dugu hurrengo garaipena lortzeko".
Terzić pozik agertu da, halaber, taldeak Ligako lehen aste hauetan izan duen bilakaerarekin. "Oso bide onean gaudela sentitzen dut, baina hau hasiera besterik ez da. Pauso onak ematen ari gara, eta hori garrantzitsua da zerbait berria garatzen hasten zarenean. Emaitzek eta partiduek konfiantza handiagoa emango digute".
Ildo horretan, entrenatzaileak uste du orain arte erakutsitako jokoak puntu gehiago merezi izan dituela: "Uste dut, agian, puntu gehiago merezi genituela izan dugun errendimendua kontuan hartuta, baina bihar has gaitezke puntu horiek batzen".
Azkenik, Terzićek Valentziara egindako bidaia eta bertan jokatzekoa zen partidaren atzerapena izan ditu hizpide. Teknikariak aitortu du egoerak asteko plangintza egokitzera behartu dituela, baina larunbateko partidari begira ez dela arazoa izango nabarmendu du: "Bidaiatzen ibili gara eta horrek badu eragina. Azkenean jokatu ez genuen arren, entrenamendua egokitu behar izan genuen asteazkenekoa konpentsatzeko, baina ez da inolako arazoa".
"Ezinezkoa zen jokatzea eta, orain, hurrengo partidan baino ezin dugu pentsatu, biharkoan", amaitu du.
Erlazionatutako partidak
Athletic Club - Deportivo Alavés



