
"Ahalik eta urrutien iristea dugu helburu"
"Ahalik eta urrutien iristea dugu helburu"
Victor Martinek baikortasunez heldu nahi dio Atletico de Madrid taldearen aurkako neurketari eta "eguneroko prozesua zaintzearen garrantzia" azpimarratu du
Athletic Clubek Liga F-ko bosgarren jardunaldia jokatuko du igande honetan, irailaren 27an, Lezaman. 12:00etan hasiko da neurketa, eta Victor Martinek ondo ezagutzen duen Atletico de Madrid taldearen aurka arituko dira zuri-gorriak. Madrilgo taldearen une ona nabarmendu du entrenatzaileak, baita neurketak eskatuko duen maila ere: "Lan ona egiten ari dira. Aurkaria aztertzen dugu partida guztietan, eta haren alderdi positiboak zein aprobetxa ditzakegun aukerak identifikatzen saiatzen gara. Erritmo bizian aritzera behartzen duen taldea da".
Lehoiek joan den igandean jaso zuten denboraldiko lehen porrota Ipuruan, SD Eibarren aurka. Hala ere, hiru jardunaldietan erakutsitako sentsazio onak berreskuratzeko jarraitu beharreko bidea argi du entrenatzaile zuri-gorriak: "Eskakizun, konpromiso eta anbizio maila altuari eutsi behar diogu. Garrantzitsua da eguneroko prozesua zaintzea, horrek lagunduko baitigu gauza garrantzitsuak lortzen".
Victor Martinek argi ditu lortu beharreko helburuak, eta Athletic denboraldiari heltzen ari zaion anbizioa azpimarratu du: "Taldeak jabetuta egon behar du ahal duen gehiena eman behar duela, gauden tokian gaudelako eta Athletic denagatik. Ezin gara konformatu. Ahalik eta urrutien iristea dugu helburu".
Erlazionatutako partidak
Athletic Club - Atlético de Madrid


