AC CUPek izen-emateak ireki ditu bere bosgarren urteurrenerako

AC CUPek izen-emateak ireki ditu bere bosgarren urteurrenerako

Athletic Cluben oinarrizko futbol txapelketak bosgarren edizioa ospatuko du 2027ko ekaineko lehen bi asteburuetan. Final guztiak Lezaman jokatuko dira, eta parte-hartzaile guztiek San Mames eta bertako museoa bisitatuko dituzte

AC CUPek bost edizio beteko ditu. Athletic Cluben oinarrizko futbol txapelketak bosgarren urteurrena ospatuko du 2027an, eta edizio berezi baterako izen-emateak ireki ditu, lau urteko historia atzean duela: 2023tik, 343 klub desberdinetako 20.106 futbolari eta 1.422 talde lehiatu dira lehoien sehaskan.

Lau edizioren ondoren, AC CUP mugak gainditzen dituen hitzordua da. Azken edizioak 36 probintziatako taldeak bildu zituen, 78.000 ikusle baino gehiago igaro dira dagoeneko AC CUPen harmailetatik, eta txapelketak 10 herrialdetako nazioarteko klubak hartu ditu. Ospatzea merezi duen ibilbidea da, eta txapelketak ekainaren 5ean, larunbatean, ospatuko du.

Bosgarren edizioak bi lehiaketa-asteei eusten die, adin-talde bakoitzeko bat, eta aurrekoetatik bereizten duten bi aldaketa dakartza: final guztiak Lezaman jokatuko dira, Athletic Cluben kirol hirian, eta talde guztiek San Mames eta Athletic Cluben Museoa bisitatuko dituzte txapelketan zehar.

Bi aste, txapelketa bera

AC CUP 2027 bi astetan banatzen da, kategoriaka, jokalari bakoitzari bere adinera egokitutako esperientzia eskaintzeko:

  • Ekainaren 1etik 6ra: Kimuak 2018, Kimuak 2017, Umeak 2016, Umeak 2015, Umeak EMAK 2016-2015, Gaztetxoak 2014, Gaztetxoak 2013 eta Gaztetxoak EMAK 2014-2013.
  • Ekainaren 8tik 13ra: Kadeteak 2012, Kadeteak 2011, Kadeteak EMAK 2012-2011 eta Gazteak 2010-2008.

Talde guztiek lau partida bermatuta dituzte, eta horietako bat, gutxienez, Lezaman.

San Mames eta bere museoa, guztientzat

2027ko berritasun nagusiak parte-hartzaile guztiak eramango ditu Katedralera. Talde guztiek San Mames eta Athletic Cluben Museoa bisitatuko dituzte txapelketan zehar, aldagelak, aldageletako tunela eta zelairako irteera barne. Bisita izena emateko hiru aukeretan sartuta dago, eta «dena barne» sarrera duten familiei ere zabaltzen zaie.

Ongietorri pack bat parte-hartzaile bakoitzarentzat

AC CUP 2027ko jokalari guztiek txapelketako ongietorri packa jasoko dute, izena emateko hiru aukeretan sartuta baitago. Lau pieza, lehiaketa-astea bizitzeko eta txapelketaren oroigarria etxera eramateko:

  • AC CUPeko gymsacka.
  • AC CUPeko txapela.
  • Ur-botila berrerabilgarria.
  • AC CUPeko domina.

Izen-emateak

AC CUP 2027rako izen-emateak zabalik daude jada, oinarrizko futbolaren hitzordu handi honetan parte hartu nahi duten klub guztientzat. Izena emateko hiru aukera daude, guztiak ongietorri packarekin, istripu-aseguruarekin eta San Mameserako eta bertako museorako bisitarekin, eta abantaila ekonomikoak dituzte izena ematearekin batera sarrerak erosten dituztenek

  • Jokalariaren izen-ematea AC CUP 2027an: 85 € (70 € Athletic Cluben hitzartutako klubetako jokalarientzat).
  • Izen-ematea + «dena barne» sarrera bat laguntzailearentzat: 99 € (89 € Athletic Cluben hitzartutako klubetako jokalarientzat).
  • Izen-ematea + «dena barne» 2 sarrera laguntzaileentzat: 109 € (99 € Athletic Cluben hitzartutako klubetako jokalarientzat).

Sarrerak

16 urtetik beherakoak doan sartu ahal izango dira txapelketako partida guztietara. Gainerako ikusleentzat, sarreren salmenta orokorra AC CUP hasi baino aste batzuk lehenago irekiko da, eta txapelketan zehar zabalik jarraituko du:

  • Eguneko sarrera, aste barruan: 8 €, egoitza guztietan baliozkoa.
  • Eguneko sarrera, larunbatean edo igandean: 10 €, egoitza guztietan baliozkoa.
  • «Dena barne» sarrera (aste osorako): 25 €, egoitza eta partida guztietarako sarbidearekin eta San Mameserako eta bertako museorako bisitarekin.

Lezama, txapelketaren etxea

Lezama da berriro ere AC CUPen bihotza. Talde guztiek gutxienez partida bat bermatuta dute Athletic Cluben kirol hirian, bigarren astea osorik Lezaman eta inguruko zelaietan jokatzen da, eta gainerako egoitzak Bizkaian zehar banatzen dira. Gainera, 2027an txapelketa bertan erabakiko da: bi asteetako finalak, urrezko zein zilarrezko fasekoak, Lezaman jokatuko dira.
Orain arteko lau edizioetan, AC CUPek Athletic Club, Real Madrid CF, FC Barcelona, Atletico de Madrid, Villarreal CF, Deportivo Alaves, SD Eibar, Real Racing Club, Real Oviedo, Real Zaragoza, CD Mirandes, Madrid CFF, Toulouse FC edo CF Monterrey bezalako taldeak bildu ditu, baita Frantzia, Irlanda, Belgika, Grezia, Ukraina, Estatu Batuak, Mexiko edo Kolonbia bezalako herrialdeetatik etorritako klubak ere.

Formatua

Talde bakoitzak hiru partida jokatuko ditu multzoen fasean (lau taldeko multzoak, denak denen aurka) eta beste bat azken fasean. Azken fase hori bi zatitan banatzen da: urrezko fasea (multzo bakoitzeko 1. eta 2. sailkatuak) eta zilarrezko fasea (3. eta 4. sailkatuak). Futbol 11ko partidek 25 minutuko bi zati izango dituzte, eta futbol 7koek, 20 minutuko bi zati.
Aste bakoitzak sei txapelketa-egun ditu, asteartetik igandera. Tokiko taldeek ekainaren 1ean eta 8an (biak asteartea) hasiko dute lehiaketa, gainerako taldeak ekainaren 4an eta 11n (biak ostirala) batuko dira, eta finalak ekainaren 6an eta 13an (biak igandea) jokatuko dira Lezaman. Egutegi osoa, zuzeneko emaitzak, sailkapenak, estatistikak eta egoitza bakoitzeko informazioa AC CUPen app ofizialaren bidez jarraitu ahal izango dira.

Ekainaren 5a, larunbata: ospatzeko unea

Bost edizio ez dira gutxi, eta merezi duten bezala ospatuko dira. Lehen lehiaketa-astearen erdi-erdian, AC CUPek bosgarren urteurrena ospatuko du txapelketari, bertan jokatzen duten taldeei eta harmailak betetzen dituzten familiei eskainitako jai berezi batekin. Xehetasunak laster emango dira ezagutzera.

Bosgarren edizioa orain hasten da

Lezamako zelaira irtetea, San Mameseko tunela zeharkatzea, Bizkaia ezagutzea, garaikurra altxatzea… hori da AC CUP, eta hori eramaten du etxera talde eta familia bakoitzak. Bost edizioren ondoren, Athletic Cluben txapelketak ateak berriro ireki ditu, jokalari berriek beren historia idatz dezaten lehoien sehaskan. Izen-emateak zabalik daude jada accup.eus webgunean.

EMAN IZENA AC CUP 2027AN