Peña Leperen 25. urteurrena
La Gabarra de Lepe elkarteak 25 urte bete ditu
Goio Gonzalezek mende hasieran erabaki zuen Santurtzi eta Huelvako hondartzen arteko joan-etorriak modu grafikoagoan islatu behar zirela. Athleticeko bazkide eta zale amorratua, Bizkaitik Leperaino (familiaren negozioa zuen han) zatitxo bat nola eraman asmatu zuen. Etxe ondoan, Bilboko Portuko bere lagunek gabarraren omenez peña bat sortzeko gai izan baziren, mila kilometro harago gabarrak ere bere lekua izan zezakeela pentsatu zuen.
Eta horrela iritsi zen gabarra 2002an Lepera, La Barca hotelera. Piedras ibaiko paduren ondoan pribilegiozko eremu batean dagoen finka bat. Leku ezin hobea da peñaren egoitza izateko eta, horrela, Lepeko eta inguruetako zaleak eta kostaldeaz gozatzera hurbiltzen diren bisitari zuri-gorri guztiak elkartzeko. Dagoeneko ohitura bihurtu da abuztuan hoteleko hall-a Athleticen Ligako lehen partida ikustera hurbiltzen diren jarraitzaile zuri-gorriz beteta ikustea.
Goiok duela pare bat urte utzi gintuen. Kopa eraman zuen Gabarra maitagarriaz gozatzeko aukera izan baino hilabete eskas lehenago. Egun hartan, Lepekoak Bilbora igo ziren eta Olabeagako kaitik euren izena erakutsi zuten peñaren sortzailea omentzeko. Goioren gabarra esku onetan geratu da orain. Manoli Gonzalez Goioren alabak eta gaur egun 50 bazkide baino gehiagok osatzen duten Julen eta Manuel Cordero buru dituela.
Urriko lehen asteburu honetan, Hego Mendebaldeko Kongresuaren anfitrioi lanak egingo dituzte Sevillan, Kordoban, Cadizen eta Andaluziako mendebaldean dauden peñekin batera. 25. urteurrenaren ospakizunak aurreratzeko ere une egokia da, Javier Landeta presidenteordea bertan izango baita Athletic Clubaren ordezkari gisa.

