
“Onena selekzioen geldialdira irabazten joatea da”
“Onena selekzioen geldialdira irabazten joatea da”
Victor Martinek hiru puntuak lortzeko aprobetxatu nahi du Madrilerako bidaia, baina aurrean "banakako talentu handiko jokalari asko sartu dituen aurkaria" izango dutela aitortu du
Entrenatzaile zuri-gorriak prentsaurrekoa eman du gaur goizean Athletic Clubek Fuenlabradarako bidean jarri aurretik, Liga F-ko 6. jardunaldian Madrid CFF taldearen aurka jokatzeko. Neurketa hau bi asteko atsedenaldia baino lehen helduko da eta bere ustez "onena selekzioen geldialdira irabazten joatea da".
Aurkariak, Victor Martinen aspaldiko ezagunak, ez du batere erraz jarriko. Entrenatzaileak oso gogoan ditu Madrid CFF taldean igarotako urteak, eta uste du oso ondo indartu dela urte honetarako: "Gauza asko aldatu dira ni egon nintzenetik. Orduko jokalari asko ez dira geratzen. Banakako talentu handiko jokalari asko sartu dituztela uste dut, eta ondo egon beharko dugu partida kontrolatzeko. Urteak eman ditudan jokalariak oso onak dira eta oso ondo indartu dira".
Aurreko jardunaldian Atletico de Madriden aurka lortutako garaipenaren ostean, Fuenlabradan bolada ona luzatzeko jarrerakin zelairatuko da taldea. Lehoiek partida bikaina jokatu zuen eta teknikariak eraikitzen amaitu nahi duen taldearen antza hartu zuen: "Norgehiagokara egokitzeko gai izango den Athletic Club baten bila gabiltza. Oldarkortasuna eta nortasuna izatea baloia berreskuratu, eraso eta aurrerantz joateko. Uste dut lortu dugula, baina oraindik gauza asko ditugu hobetzeko".
Erlazionatutako partidak
Madrid CFF - Athletic Club


