Terzić: "Garaitzen zaila den taldea izan nahi dugu"

Terzić: "Garaitzen zaila den taldea izan nahi dugu"

Entrenatzaile zuri-gorriak gogotsu egiten dio aurre Rayoren aurkako norgehiagokari, nazioarteko neurketen etenaldiaren ostean

Edin Terzićek hedabideen aurrean hitz egin du Lezaman, larunbat honetan 14:00etan Vallecasen jokatuko den Rayo Vallecano-Athletic Club partidaren atarikoan. Entrenatzaile zuri-gorriak anbizioa transmititu du selekzioen etenaldiaren ostean taldea lehiara itzuliko den partidari buruz. "Taldea prest dago ligako azken bi emaitzekin pozik ez gaudela erakusteko. Garaitzen zaila den taldea izan nahi dugu", adierazi du teknikariak San Mameseko azken bi berdinketen ostean.

Entrenatzaile zuri-gorriak talde madrildarraren denboraldi hasiera serioa eta bere bertute nagusiak azpimarratu ditu: "Oraindik Vallecaseko zelaian jokatu ez duten arren, ez dute etxean porrota ezagutzen. Proposatzen duten presio altuagatik irabaztea ez da erraza izango, beraz, hori geldiarazteko prest egon behar dugu. Uste dut garaipena bilatuko duten bi taldeen arteko lehia ikusiko dugula".

Nazioarteko neurketen etenaldiaren amaiera aprobetxatuz, Terzićek azken asteotan egindako lana goraipatu du: "Bigarren denboraldiaurre bat bezala erabili nahi izan dugu etenaldi hau, eta, beraz, gogor egin dugu lan LaLigan gure bertsiorik onena ateratzeko". Gainera, harrobiko jokalariek azken entrenamenduetan izandako parte-hartzea ere nabarmendu nahi izan du, eta, min hartutako jokalariak izan arren, "taldeak maila gorenean lehiatzeko aukera oso onak" dituela adierazi du.

 

Lezama, funtsezko zutabe

"Aurrean dugun edozein erronkari Lezamarekin erantzungo diogu. Aste honetan zenbait jokalariri lehen taldearekin entrenatzeko aukera eman diegu eta harrobiarekin oso gertuko lotura dugu. Lehenengo erronka jokalari hauek gure maila fisikora egokitzea da, eta behin egokituta, maila hori igotzea nahi dugu", adierazi du teknikari alemaniarrak.

Azkenik, talde bat izatearen eta garaipenaren bila denak batera joatearen garrantzia azpimarratu du Terzićek: "Egoera honen aurrean aukerak emango dizkiegu beste jokalariei eta beraiek ere garrantzitsuak direla erakutsiko diegu. Taldea hazten ari dela sentitzen dut, eta bide onean gaude", amaitu du.