Socuellamoseko Peñaren 50. urteurrena
Aurreko asteburuan amaiera eman zitzaien ospakizun-ekitaldiei, 17 elkartetako 160 lagun bildu zituen senidetasun-bazkariarekin
Athleticen Socuellamoseko Peñak 2026an zehar ospatu ditu bere Urrezko Ezteiak familia zuri-gorriaren barruan. Joan den apirilean, omenaldi hunkigarria egin zien bazkide sortzaileei, 1976an Athleticen bandera lehen aldiz igo zutenei. Emiliano Navarro edo Santiago Siron buru zirela, peña sortu zuten hamaika zaleen ordezkaritza Bilbora hurbildu zen, Bertendona kaleko egoitza zaharreko lokaletan ‘Bilboko Athletic Cluben Lagunen Elkartearen’ ibilbidearen hasiera jasota uzteko.
Herriko Reina Sofía Auditorioa emozioz bete zuen ekitaldi hark aitzindari haiek gogoratzeko ere balio izan zuen -haietako batzuk ez daude jada gure artean-. Besteak beste, belaunaldiz belaunaldi, gaur egunera arte, Athleticen zaletasunaren hazia transmititzeko gai izan ziren. Tomas Lomas egungo peñako presidenteak ondo daki hori; izan ere, elkarteak 50 bazkide baino gehiago ditu.
Mende erdiko urteurreneko ospakizunei amaiera emateko, egitarau zabala antolatu zuten aurreko asteburuan, urriaren 10 eta 11n. Jarduerak peñako bazkideei ez ezik, Socuellamoseko bizilagunei eta bisitariei ere zuzendu zitzaizkien, tokiko gastronomiaz patxadaz gozatzeko, kultur bisitak egiteko eta zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izan zezaten.
Senidetasun-bazkariak 17 peñatako 160 lagun bildu zituen; gehienak Erdialdeko Eremukoak ziren, baina Murtziako Archena Peñako kideak ere bertaratu ziren. Javier Landeta presidenteordea, Manolo Delgadorekin batera, Athletic Cluben ordezkaritzaren buru izan zen Mantxako lurraldean egindako ospakizun hauetan.

