AC CUPek data berria gehitu du: uztailaren 2tik 4ra, Lezaman

AC CUPek data berria gehitu du: uztailaren 2tik 4ra, Lezaman

Athletic Cluben oinarrizko futboleko txapelketak asteburu bat gehitu die ekaineko bi asteei, nazioarteko presentzia handiagoarekin: lau kategoria, partida guztiak Lezaman, eta San Mameserako eta bertako museorako bisita

AC CUP hazten ari da. Athletic Cluben oinarrizko futboleko txapelketaren bosgarren edizioak hiru hitzordu izango ditu 2027an: ekaineko bi asteei, 1etik 6ra eta 8tik 13ra, lehiaketa-asteburu bat gehituko zaie, uztailaren 2tik (ostirala) 4ra (igandea), kanpotik datozen taldeentzat pentsatua eta nazioarteko presentzia handiagoarekin. 

Data berriak etengabe hazi den interes bati erantzuten dio. Lehen lau edizioetan, AC CUPek 10 herrialdetako nazioarteko klubak hartu ditu, eta 2026an bakarrik Frantziako, Belgikako, Erresuma Batuko, Greziako, Ukrainako eta Estatu Batuetako taldeak lehiatu ziren Bizkaian. 2023tik, 343 klub desberdinetako 20.106 futbolari eta 1.422 talde aritu dira txapelketan, 78.000 ikusle baino gehiagoren aurrean. 

Uztaileko asteburua txapelketa bera da, hiru egunetan eta egoitza bakar batean bilduta: partida guztiak Lezaman jokatuko dira, Athletic Cluben kirol hirian. 

Hiru egun Athletic Club-aren etxean 

Lezama beste inoren antzik ez duen klub baten etxea da: bereekin bakarrik lehiatzen den klubarena. Bertan, harrobia hazten den zelaietan, jokatuko da txapelketa osoa, partiden arteko joan-etorririk gabe eta Bilboko aireportutik 13 minutura. 

  • Uztailaren 2a, ostirala: iritsiera, ongietorri packaren banaketa eta lehen partida-jardunaldia. 
  • Uztailaren 3a, larunbata: multzoen fase osoa, goizez eta arratsaldez. 
  • Uztailaren 4a, igandea: kanporaketak, finalak eta sari-banaketa. Txapelketa 17:00etan amaituko da. 

Lau kategoria, kimuetatik kadeteetara 

Uztaileko asteburuak lau kategoria bilduko ditu, bakoitza bi jaiotze-urterekin: 

  • Kimuak (2017 eta 2018): futbol 7, mistoa. 
  • Umeak (2015 eta 2016): futbol 7, mistoa. 
  • Gaztetxoak (2013 eta 2014): futbol 11, mistoa. 
  • Kadeteak (2011 eta 2012): futbol 11, gizonezkoena. 

Kategoria mistoetan, neska-mutilek talde berean jokatzen dute. 

Formatua 

Talde guztiek lau partida bermatuta dituzte: hiru multzoen fasean (lau taldeko multzoak, denak denen aurka) eta beste bat azken fasean. Azken fase hori bi zatitan banatzen da: urrezko fasea (multzo bakoitzeko 1. eta 2. sailkatuak) eta zilarrezko fasea (3. eta 4. sailkatuak). Futbol 11ko partidek 25 minutuko bi zati izango dituzte, eta futbol 7koek, 20 minutuko bi zati. Egutegia, zuzeneko emaitzak eta sailkapenak AC CUPen app ofizialaren bidez jarraitu ahal izango dira. 

San Mames eta bertako museoa, barne 

Ekaineko asteetan bezala, talde guztiek San Mames eta Athletic Cluben Museoa bisitatuko dituzte, aldagelak, aldageletako tunela eta zelairako irteera barne. Bisita izen-ematean sartuta dago, AC CUPeko ongietorri packarekin (gymsacka, txapela, ur-botila berrerabilgarria eta domina), istripu-aseguruarekin, arbitrajeekin eta egoitzako osasun-laguntzarekin batera. 

Ostatua espedizio osoarentzat

Bidaiatzen duten klubentzat, antolakuntzak pentsio osoko egonaldiak eskaintzen ditu, bi gauetik lau gauera bitartekoak, baita neurrira egindako aukerak ere bidaia luzatu nahi dutenentzat. Uztaileko lehen egunak urteko asterik onena dira Euskadi ezagutzeko: txapelketa igandean amaituko da, 17:00etan, eta Lezamatik Bilbo 17 minutura dago, Bizkaiko hondartzak 25era, Gaztelugatxe eta Urdaibai 40ra, eta Donostia ordubete pasatxora. 

Jokatu Athletic Club-aren etxean. Bizi Euskadi.

Uztaileko asteburuko plazak mugatuak dira, eta eskaera-ordenaren arabera erreserbatuko dira. Interesa duten klubek aurrekontua eska dezakete jada, eta dosierra deskargatu, accup.eus webgunean. Ekaineko bi asteetarako izen-emateak zabalik daude oraindik.

ESKATU PLAZAK UZTAILERAKO