“Daukagun ildo positiboari eutsi behar diogu”

“Daukagun ildo positiboari eutsi behar diogu”

Victor Martinek aitortu du geldialdia ondo etorri zaiola taldeari “atseden hartzeko eta pilak kargatzeko”, Lezaman Valentzia CF taldearen aurkako neurketa gogorrari aurre egin aurretik

Victor Martinek prentsaurrekoa eman du Athleticek Lezaman Valentzia CF taldearen aurka jokatuko duen partidaren atarian. Entrenatzaile madrildarrak, nazioarteko konpromisoek eragindako lehia etetearen ostean, atsedena bere taldearentzako mesedegarria izatea espero du: “Atseden hartu dugu eta deskonektatzeko eta pilak kargatzeko egunak izan ditugu. Oso ondo gaude, jarraitzeko eta gauden ildo positiboari eusteko gogoz”.

F Ligara igo berri den taldearen aurkako norgehiagokaren atarikoan, entrenatzaile zuri-gorriak dio ez dela fidatzen lehoien hurrengo aurkariak orain arte lortutako emaitzekin: “Bere partidak ikusiz gero, ikusi daiteke puntuak lortzeko aukerak izan dituztela. Egia da partida guztiak galdu dituztela, baina indarguneak dituzte, eta horiei aurre egiteko adi ibili beharko dugu. Ez da partida erraza eta adi egon behar dugu gure jendearen aurrean zerbait ona atera ahal izateko”.

Victor Martinek bere jokalarien lana nabarmendu du. Taldea gero eta sendoagoa dago arlo guztietan: “Oso pozik gaude denekin. Talde baten motibazioaren gakoa egonkortasuna da eta hori egunero erakusten dugu. Mundu guztiak merezi du bere lekua, eta gero eta gehiago kostatzen zait hamaikakoa aukeratzea. Parte hartzea merezi duten jokalari askorekin bidegabea izaten ari naizela sentitzen dut, entrenatzeko moduagatik eta egiten duten ekarpenagatik. Taldea aukeratzea ez da erraza izaten ari”.