Blasco: Lorpen gehien duen atezaina
Mr. Pentlanden aginduetara, Gregorio Blascok hamabost titulu irabazi zituen, eta hiru aldiz izan zen Ligako gol gutxien jaso zuen atezaina 1930eko hamarkadan
Goyo Blasco (Mundaka, 1909) Athletic Clubeko atezain handienetako bat izan zen, 1930eko hamarkadan Mr. Pentlandek zuzendutako talde historikoan aritu baitzen. Guztira, lau Liga, lau Kopa eta eskualdeko zazpi txapelketa irabazi zituen. Haren kirol ibilbidea are arrakastatsuagoa izan zitekeen, Espainiako Gerra Zibilak eten izan ez balu.

Olabeagako Acero taldetik fitxatu zuten Mundakako atezaina, eta 1927ko urriaren 2an egin zuen debuta talde zuri-gorriarekin. Hamar urteko ibilbidean, 203 partida ofizial jokatu zituen.
Blasco atepean erakusten zuen segurtasunagatik, irteeretan zuen ausardiagatik, erreflexuengatik eta aireko jokoan zuen nagusitasunagatik nabarmendu zen. Athleticen lehen atezaina izan zen Liga sortu berrian, 1928-1929ko denboraldian. Gainera, hiru Zamora sari irabazi zituen, 1930ean, 1934an eta 1936an, Ligako gol gutxien jasotako atezain gisa.
Gerra Zibilaren ondoren, Euskal Selekzioan jokatu zuen, eta erbestean jarraitu zuen futbolari, Mexikon eta Argentinan. Azken herrialde horretan, River Plate taldean aritu zen. 37 urterekin erretiratu zen Mexikoko Atlante taldean, hatz bateko lesio baten ondorioz. 1983ko urtarrilaren 31n hil zen Mexiko Hirian, Athleticen historian arrasto ezabaezina utzita.
Erlazionatutako jokalariak


